Samu Gartzia talde horretako kidea da. Hala azaldu du zine-kluba sortzearen zergatia: "Abenduko zubian Bartzelonara joan ginen lagun talde bat eta harrituta geratu ginen han zegoen dibertsitate kulturalarekin. Hala, Bergaran ere zerbait egin behar zela erabaki genuen".
Gartziaren esanetan, herrian jendea asko kexatzen da dagoen kultura eskaintza dela-eta, baina, ez da ezer egiten. "Horregatik, guk zerbait sortu behar genuela erabaki genuen eta zine saioak eskaintzea pentsatu genuen".
Herriak dituen gabeziak
"Kulturalki, gabezia handiak ditu Bergarak. Udaletxe mailan ez da ezer antolatzen, herritarrek antolatutako eskaintza besterik ez dago", gaineratu du Gartziak.
Urtarrila eta otsaila bitartean, ziklo berezia eskainiko dute: Bizi-zikloa, hain zuzen. "Bizitzako ziklo ezberdinak erakusten dituzten pelikulak izango dira, txikitatik hasi eta nagusi egin arte. Lotura bat erakutsi gura dugu eskaintzen ditugun pelikulen artean", azaldu dute antolatzaile taldekoek. Pasa den domekan Leolo pelikula eskaini zuten eta, azkena, otsailaren 24an, David Lynchen Una historia verdadera izango da. Gizakiak jaiotzetik nagusi izatera bitartean egiten duen bidea erakutsiko dute, hortaz.
Zine ez-komertziala
Zine-klubean eman gura dituzten pelikulak areto komertzialetatik kanpo daudenak dira. Aurrera begira, hainbat pelikula klasiko eskaintzea ere aurreikusita dute antolatzaileek.
"Gainera, munduan egiten den zine ezberdina erakutsi gura dugu. Europako zineaz gain, Asia eta Afrikan egiten dituzten lanak ere ekarriko ditugu", dio antolatzaile taldeko Gartziak.
Pelikula guztiak Gaztetxean emango dituzte, domeketan, arratsaldeko 6etan. Gainera, ez da sarrera ordaindu beharrik egongo: "Borondatea eskatuko dugu".
Antolatzaile taldekoek herritar guztiak animatu gura dituzte zine emanaldietara. Pasa den domekan emanaldiak izan zuen erantzunarekin oso pozik geratu dira: "adin tarte guztietako jendea joan zen Gaztetxera".
Gainera, gura duenak eskuragarri izango du zine klubean emango dituzten pelikulen kartelak eta laburpenak. Horretarako, zineklub@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar. Gero, arduradunek erantzungo dute jasotako mezuak.