Gaur hasi eta domekara arte 10 taberna lehiatuko dira pintxo lehiaketan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko aza. 13a, 17:19
Herritarrek erabakiko dute sarietako bat eta botoa emateko kutxak egongo dira tabernetan

Gaur, egubakoitza, 18:00etan hasiko da Gure Ametsa elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatutako II. Pintxo lehiaketa. Ordurako prest izan beharko dituzte hamar parte-hartzaileek lehiaketara aurkeztuko duten pintxoa. Izan ere, pintxo bakarra aurkeztu ahal izango dute, nahi duten osagaiekin eta nahi duten erara prestatuta. Lehiatuko diren tabernak dira:Eusebio, Biko, Ariznoa, Etxalar, Paulaner, Avenida, Agorrosin, Kaiak, Etxagi eta Sirimiri.
Epaimahaia osatuko dute Euskal Gastronomiaren Kofradiako kideek eta antolatzaileek esandako moduan, "ezkutuan" ibiliko dira tabernarik taberna, lehiaketako pintxo guztiak dastatu arte. Modu horretan aukeratuko dituzte hiru pintxo onenak eta irabazlek jasoko dute sari moduan plaka bat.

Herritarren parte-hartzea

Herritarren saria ere egongo da, eta Gure Ametsako kideen esanetan, hori erabakitzeko ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea.
Herritarren saria erabakitzeko kutxak jarriko dituzte tabernetan, eta baita botoa emateko esku-orriak ere. Bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du eta horregatik izen-abizenak ere jarri beharko dira esku-orrian. Boto-emaile guztien artean zozketa egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek eta zozketako irabazleak jasoko du bi lagunendako afari edo bazkaria Zumelaga jatetxean.
Bestalde, lehiaketaren sari-ematea egingo dute azaroaren 17an, 19:30ean, irabazle izan diren tabernetan.

Herrian giroa piztu

Herriko tabernariek pintxoak prestatzeko eta pintxo berriak sortzeko duten abilezia jendaurrean erakusteaz gain, pintxoak jateko ohitura bultzatzea eta herrian jai giroa sortzea ere badira ekimenaren helburuak. Hala, trikitilariak ere egongo dira parte hartuko duten tabernen inguruak alaitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak