Gaur, astelehena, hasiko dira kolunbarioak jartzen kanposantuan

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko mar. 31a, 13:15
Gaur, astelehena, hasiko dira errautsak gordetzeko kolunbarioak jartzen hilerrian. Zaragozako Lufuble enpresak jarriko ditu, guztira 60 eta denak indibidualak, nahiz eta hasiera baten familiarrak jartzeko aukera ere aztertu zen.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, hiru horma-hilobi sorta daude kapera ostean, eta hain justu, horietako baten hegalean jarriko dituzte. Kolunbariook aurreko aldea granito beltzekoa izango dute eta hildakoaren izen-abizenak edo leloa zilar koloreko txapa baten idatzita joango da. Neurriari dagokionez, 25x30x20 zentimetro izango dute.

Udal iturriek gehitu dutenez, oraingoz 60 kolunbario jarriko dituzten arren, herritarren eskarien arabera gehiago jartzeko aukera ere badagoela aurreratu dute, beste bi horma-hilobi sortetako hegal banatan, hain justu ere. 

Eskariei erantzun

Geroago eta herritar gehiagok hautatzen dute hildakoan erraustea, lurperatzea barik. Hori horrela, errautsok kanposantuan gordetzeko eskariak ere ugaritzen joan dira azken boladan eta eskarioi erantzuteko asmoz hartu du Udalak horma-hilobiok jartzeko erabakia.

Erabilera arautu

Kolunbarioen erabilera arautuko duten behin behineko ordenantzak eginda daudela aurreratu du Agurne Barruso alkateak. Orain, ordenantzok sakon aztertu eta gero, udalbatzak osoko bilkuran onartu beharko ditu. Hori ahalik eta azkarren egin nahi dutela ere azpimarratu du alkateak, "kolunbarioak ipintzen bukatu eta gero, ahalik eta azkarren hasteko zerbitzua ematen", gehitu du Barrusok.

Ordenantzok jasoko dute, besteak beste: kolunbarioan errautsak gordetzeak izango duen prezioa, emango zaien erabilera, zer gauza eta nola sartu ahal izango diren, eskaerak non eta nola bideratu beharko diren eta errautsak  kolunbarioan edukitzeko denbora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak