Gabonetako kontzertua zapatuan Udal Pilotalekuan

Maider Arregi 2009ko abe. 18a, 16:36
Ohitura bihurtu da herriko musikazaleendako Gabonetako kontzertua. Izan ere, Udal Musika Bandak, Aritzeta abesbatzak, Orkestra Sinfonikoak eta Orfeoiak bat egiten dute emanaldi horretan. Aurtengoa Gabonen atarian egingo dute; zapatuan, abenduaren 19an, 22:30ean, frontoian.

Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariak esan digu herritik eta herriarendako kontzertua dela, eta horregatik saiatzen direla Gabonetako kontzerturako pieza ezagunak edo erraz entzuten direnak aukeratzen.

Askotariko doinuak


Musika Bandaren doinuekin hasiko da kontzertua; Around the world in 80 days pieza joko dute, Gonzalez Chirlaquek zuzenduta.
Ondoren, Aritzeta abesbatzak lau kantu abestuko ditu Imanol Urtzelairen zuzendaritzapean: Cantiga de Noiteboa, Nerea izango zen, La Paloma, eta Aritz Adarrean-Oi Betheleen.

Orkestra Sinfonikoak Robin Hood suite sinfonikoa eskainiko du gero, Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduta.
Azkenik, Aitor Biainen esanetara, Orfeoiak Adiemus, Usaiak, Fame eta Joyful, Joyful abestiak kantatuko ditu.
Banan-banan jardun ostean, denek batera Bohemian Rapsody eskainiko dute. Orain dela 18 urte jo zuten Freddie Mercury-ren obra, eta, zuzendariaren esanetan, "modatik pasatzen ez den kantu horietako bat da; rock sinfonikoa, egokitzeko erraza bai musikara eta baita ahotsetara ere; hortaz, entzuleek gozatu egingo dutela uste dugu".

Gabon kantuak


 Gabonetako kontzertua, baina, ezin da Gabon kanturik gabe amaitu, eta egitarauan ez agertu arren, Gonzalez Chirlaquek esan digu guztiek elkarrekin Hator, hator kantua jo eta abestuko dutela; moldaketak egin ditu, musikariek ez ezik entzuleek ere kantatzeko. Kontzertua Adeste Fideles abestiarekin amaituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak