Udal Musika Bandaren Around the world in 80 days eta Orkestra Sinfonikoaren Robin Hood itzelak izan zen; maisutasuna, indarra, gozotasuna eta sekulako zehaztasuna erakutsi zuten bi taldeek ere. Abesbatzek ere lan bikaina egin zuten. Aritzeta abesbatzak lau kantu abestu zituen eta Mikel Laboak ezagun egin zuen Nerea izango zen abestia gustura hartu zuten entzuleek. Orfeoiaren emanaldia koloretsua eta alaia izan zen; benetan dibertigarria. Fama telesaileko Fame abestiarekin dantzari lanetan ere ikusi genituen Orfeoiko abeslariak. Amaiera borobila: Bergarako musikari eta abeslari guztiak elkarrekin entzuteko aukera. Freddie Mercuriren Bohemian Rapsodia, Hator, hator eta Adeste Fideles jo zituzten elkarrekin.
Gonzaleztarrei omenaldia
Sorpresarik ere izan zen zapatuko kontzertuan eta sorpresa horrek ezustean harrapatu zituen protagonistak eurak: Miguel eta Alfredo Gonzalez aita-semeak. Merezitako omenaldia jaso zuten. Azken 100 urteetan Gonzalez familiak zuzendu du Udal Musika Banda; 1909an Ingnacio Gonzalezek hartu zuen Udal Bandaren batuta; 1957an bere seme Migelek hartu zuen erreleboa eta azken 22 urteetan Alfredo Gonzalez Chirlaquek jardun du zuzendari lanetan. Udal Bandako kideek opari bana eman zieten eta hori ere familian geratu zen. Migeli bere lehengusu Josek eman zion oparia eta Alfredori bere alaba Patriciak. Bandako kideek Gonzaleztarrek euskal konposatzaileen obrak jotzeko egin izan duten ahalegina azpimarratu zuten. Bergarako alkateak, berriz, Patricia, aurrerago, aitaren errelebua hartzera animatu zuen "laugarren Gonzaleztar zuzendaria emakumea izatea" polita izango litzatekeelako.