Frontoi motzeko emakumeen paletako finalerdiak domekan

Maider Arregi 2010eko otsailaren 23a

Igandean, hilak 28, jokatuko dira Udal pilotalekuan 2010eko Frontoi motzeko emakumeen gomazko paletako Kutxa Sari Nagusiko finalerdiak. Jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da. Hauexek partidak:

 

Goi-mailako txapelketa hau martxan jarri zenetik lehenengoz izango da Euskal Herri mailako pilotaririk onenak bertatik bertara jokatzen ikusteko aukera Bergaran. Gainera, bertan erabakiko da zein bi bikote izango diren datorren asteko Tolosako finalean. Galtzaileek, berriz, 3 eta 4. postuak jokatzeko txartelak lortuta konformatu beharko dute.

Gorriz arituko diren bi bikoteak ( Elguezabal-Ruiz de Larramendi eta Muneta-Serre) sailkapen ligaxkako bi partidak irabazita kantxaratuko dira, norbere multzoko lehen postuan sailkatuta. Urdinak (Etchelecu-Arozena eta Espinar-Bordagaray), aldiz, partida bat irabazi eta beste bat galduta. Hala ere, lehia gogor bezain parekatuak izatea espero da hasiera batean.

Lehen neurketan aurrez aurre izango diren bi bikoteen ezaugarriei erreparatuz gero, aurreko koadroetan arituko diren Maika Elguezabal eta Amaia Etchelecuk tanto oso gutxi galdu ohi dute eta eurei tantoa egitea ere ez da batere erraza. Atzean, berriz, Maite Ruiz de Larramendiren indarrak eta Nagore Arozenaren segurtasunak egingo dute tupust. Beraz, partida luzea izateko itxura dauka, are gehiago urdinek iragan igandean ordu eta hogei minutuz jo eta jo aritu ondoren irabazi zutela aintzat hartuta.

Jaialdiko bigarren eta azken norgehiagoka ere orekatua izatea espero da. Bertan oso antzeko ezaugarriak dituzten bi atzelari izango dira nor baino nor, Amaia Serre eta Claire Bordagaray. Jotzaileak dira biak eta pilota erraz mugitzen dutenak. Aurrean, berriz, tantoa amaitzeko abilezia duten bi aurrelari, Susana Muneta eta Patricia Espinar. Partida honi dagokionean, ziurrenik, iraupena hain luzea ez izatea espero da, batez ere atzelarien joa kontuan izanik. Informazio gehiagorako: www.blogak.com/emakumeapilotari.

Goi-mailako lehiaketa hau antolatzeko, Kutxaz gain, Alegia, Zumarraga, Urretxu eta Tolosakoarekin batera, Bergarako Udalaren babesa eta laguntza izan du ekimenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak