Feria jendetsua eta giro ederra Bergaran

Edu Mendibil 2010ko ira. 11a, 21:15
San Martin jaiei hasiera emanez, ohiko barazki, fruitu eta gazta azoka izan da gaur goizean Bergaran. Giro eguzkitsua, herritarrak eta uztaldi oneko produktuak izan dira protagonista nagusiak.

San Martin ferian urtetan antolatzaile lanetan ibiltzen den Regino Vallek lasaitu ederra hartu du barazki, fruitu eta gazta lehiaketako sari banaketaren ostean. Dena ondo atera da, aurten ere. Goizeko seietan hasi da lanean eta ordu batak eta erdiak pasatxo ziren sariak banatu dituztenean. Gazta lehiaketako bederatzi epaimahaikideek izan dute beharbada lanik gogorrena (edo atseginena askorentzat): 35 gazta dastatu behar izan zituzten irabazlea erabakitzeko. Debagoiendarrak ere baziren tartean: Pikunieta (Antzuola), Gomiztegi eta Urtiagain (Oñati), Jose Murgiondo eta Gorka Lete (Aretxabaleta) eta Aramaioko Elizaurre baserriko Aitor Unamuno. Azkenean Araba aldera joan da sari nagusia: Araiako Puy Arrietak eraman du lehen saria. Asteon Ordiziako lehiaketa ospetsuan txapeldun gertatutako Juanjo Aranburu bigarren postuarekin konformatu behar izan da gaur. Kontuak kontu, aurpegi ezagun asko saritutakoen artean, lehendik ere trofeoak jasotakoak. Itxura ikusgarria erakusten zuen San Martin plazak goizean goizetik. Trikitilariek jardun dute giroa alaitzen baina jendea ez zen saltzaileek espero bezain beste animatu erosteko orduan. Halaxe zioten baserritar batek baino gehiagok.

Eguerdian partean, azken urteotako ohiturari jarraituz, herriko hainbat harakinen odolosteak dastatzeko aukera izan da San Martin plazan. Jende ugari hurbildu da tabernara. Arduradunek 150 bat kilo odoloste gertatu dituztela adierazi digute. Seminarioan, berriz, taloak hartzeko jende ilara ere ez zen makala. Bazkal ordurako jendea etxeratzen hasi da eta gutxi batzuk izan dira Iralako txomingeroen bazkarian. Eguzkiak gogor jotzen zuen. Arratsalderako eta gauerako indarrak gorde beharra zegoen. Eta eguaztenean, danbor hotsak iritsiko dira.

Ferian saritutakoak, hauek izan dira:

Barazkiak
1. Jose Manuel Zabalegi (Martutene)
2. Tomas Larrañaga (Antzuola)
3. Ezozi Etxeberria (Soraluze)

Fruituak
1. Kontxi Izagirre (Antzuola)
2. Urtza Sarrionandia (Igorre)
3. Sonia Isasi (Iurreta)

Gaztak
1. Puy Arrieta (Araia)
2. Juanjo Aranburu (Idiazabal)
3. La Leze (Aginaga)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak