Euskal eskola publikoari obatzeko konpromisoa berretsi zuten lagun askok

Iker Barandiaran 2009ko eka. 8a, 02:13
Hezkuntzako eta politikako ordezkari ugari batu zen eskola publikoaren jaian, atzo Bergaran. Horiez gain, Euskal Herri osotik etorritako jendea (familiak ziren nagusi) eta bergararrak izan ziren protagonista nagusiak. Jai handia bilakatu zen zapatukoa.

Goizeko irekiera ekitaldian izan ziren politikari guztiek egin zuten bat Obatu euskal eskola publikoari aurtengo leloarekin. Isabel Celaa Hezkuntza sailburu berriak orain arte izandako eskola publikoaren jai guztietan izan dela azpimarratu zuen. Atzo, esan bezala, ia-ia kargua estreinatzea egokitu zitzaion: "Aurten sailburu gisa nator, baina aurreko urteotan borondate berberarekin, euskal eskola publikoa indartzea, alegia". Hezkuntza sailburuak plan estrategikoa martxan jarriko dutela aurreratu zuen atzo Bergaran: "esfortzu guztiak bertara bideratuko ditugu, eskola publikoaren azpiegiturak bultzatuko ditugu eta euskararen ezagutza ere aurrera eramango dugu, euskararekiko hurbiltasuna eta lotura afektiboa indartuz; guzti hori elkarrizketaren bidez". Isabel Celaaren agerraldiak sortu zuen ikusmin handiena atzo.

Aurretik, ikasle, irakasleek eta gurasoek aurreskua (kantu eta guzti) eskaini zuten San Martineko patioan eta jarraian ikasle talde batek jaiaren leloa zeramaten usoak askatu zituen, batutakoen txaloen artean.

Jaia hasita zegoen eta handik eta hemendik etorritako jendea gune ezberdinetan sakabanatzen hasi zen. Etorritakoek zortzi gune izan zituzten aukeran eta  arrakastatsuena beharbada Bideberrikoa izan zen; kultura aniztasunaren gunean dantzak, musika, salmenta postuak eta jaki ezberdinekin gozatzeko aukera izan zen.

Aurreikuspenak gainditu

San Martin eskolako ordezkariak pozik agertu ziren jasotako erantzunarekin. Atzo oraindik goizegi zen zenbat jende etorri zen jakiteko, baina Susana Uriarte zuzendariak aurreikuspenak gainditu zituztela esan zigun jaia amaitutakoan, zortzirak aldera.
Era berean, boluntarioek emandako laguntza eskertu nahi izan zuten antolatzaileek. Gaur goizean jai eguna izango dute San Martinen. Arratsaldean, lasaiago eta egindako lanarekin konforme, lanera bueltatzeko ordua izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak