Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia Bergaran, ekainaren 7an

Mireia Bikuña 2009ko ots. 4a, 11:34
Obatu Euskal Eskola Publikoari lelopean aurkeztu dute Bergaran Euskal Eskola Publikoaren jaia. Bergarako San Martin Herri Eskolakoek ekainaren 7an egingo dute jaia. Euskal Eskola Publikoaren jaiak adinaren arabera banatutako lau gune izango ditu.

0-6 urte artekoendako gunea San Martin Eskola eta Ipintza Institutuen jolasleku eta aparkalekuetan jarriko  dute. Bestalde, 6-12 urtekoendako gunea Santa Marina parrokia ondoko aparkalekuan eta zapatuetan merkatua egiten zen plazan egokituko dute.
Festaren gune nagusia San Martin plazan jarriko dute. "Herriko plazan jarriko dugu oholtza nagusia, eta han egingo dituzte kontzertuak. Bestalde, berrikuntza moduan, kultur aniztasunaren aldeko apustua egin gura dugu, eta gune berezi bat jarriko dugu Bideberrin eta pilotaleku ondoko plazatxoan. Jaiaren aurreko egunetan gai horren inguruko hainbat ekintza egingo ditugu", esan zuen gurasoen elkarteko kide Usoa Urbietak prentsaurrekoan.

Matrikulazioa ia bikoiztu

Ekainaren 7an egingo duten festaren helburu nagusia Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzea da. "Eskola eredu honen alde egin genuen gurasook ozen aldarrikatu gura dugu Euskal Eskola Publikoa: euskalduna delako, kalitatezko hezkuntza ematen duelako, aniztasunaren aldeko apustua egiten duelako, eta irakasle eta gurasoen arteko lankidetza bultzatzen duelako", esan zuen Urbietak. Horren harira, esan zuen  San Martin eskolan matrikulazioak ia bikoiztu egin direla azken bederatzi urteotan (2000. urtean 267, eta 2008. urtean 473).

Leloa eta logotipoa

Leloa eta logotipoari buruzko azalpenak ere eman zituzten agerraldian. "Aurtengo leloak eta logotipoak gure eskola eta jaia irekia eta modernoa dela erakusten dute. Kolore bizien eta beroen bidez gurasoak, gazteak eta umeak erakarri gura ditugu. Bestalde, Obatu hitzarekin Eskola Publikora erakarri gura ditugu herritar guztiak", esan zuten. Horregatik guztiagatik, ibilbide itxia egin ordez, jaia herri guztira zabaldu gura dute lau guneekin: "Festa irekia egingo dugu, guztiek parte har dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak