Euria egin arren, jendea pozik ibili zen patata azokan

MaierUranga 2007ko aza. 26a, 10:02
Bergarako San Antonio ingurua jendez eta patataz bete zen zapatu goizean, izan ere, On Rafael Garitano-Aldaeta Bergarako abade izandakoaren bigarren mendeurrena dela eta antolatu zuten patata feria. Eguraldiak ez zuen asko lagundu, euria egin zuen goiz guztian zehar, baina jendea, aterkia edo txamarra hartuta, aldarte onean ibili zen.

Goizeko hamar eta erdietan hasi zuten azoka, eta ekintza ugari ospatu zituzten, herritar askoren parte-hartzearekin.

Lehiaketa gastronomikoak

Gure Ametsa elkartean egin zituzten patata barietateen bi katak, bata 11:30ean, eta ordu bete geroago, bestea. Honetaz gain, bi lehiaketa gastronomiko egin zituzten, patata feria aitzakia hartuta; batetik, patatak saltsa berdean lehiaketa, Bergarako elkarteen artean jokatu zutena. Sei elkartek eman zuten izena eta guztien artean, Lasai Toki elkarteak irabazi zuen; bigarren, Umore Ona, eta San Migelpe hirugarren geratu zen. Pintxo lehiaketa izan zen bestea, herriko tabernek parte hartu zuten, eta esan beharra dago uste baino taberna gehiagok eman zutela izena eta, azkenean, sari banaketa espero baino gehiago luzatu zela. Sirimirik irabazi zuen hau, eta Etxalar eta Ariznoa izan ziren bigarren eta hirugarren.

Erantzun ona eman zuten herritarrek; janaria tartean izaten den gehienetan bezalaxe, pozik ibili ziren goiz guztian. Artisau eta gastronomia produktuen postuak eta patata barietateen erakusketak ere ikusteko aukera egon zen Bergaran.

Ordu biak aldera jo zuten feria bukatutzat, datorren urtekoan pentsatzen hasita; izan ere, lehenengo feria izateko, antolatu zutenek espero baino hobeto joan zela esan ziguten. Jendeak  interesgarria iruditu zitzaiela aitortu zigun.

On Rafael Garitano

Rafael Garitano-Aldaeta Argantzunen jaio zen, 1736. urtean; gurasoak Bergara eta Soraluzekoak izanda, ibarrera etorri zen abade. Santa Marina Parrokiako abadea izan zen 21 urtez, 1784ko abenduaren 21ean hil zen arte, 48 urte baino ez zituela.

On Rafael aski ezaguna izan zen hainbat ekintzagatik, Kalagorriko elizbarrutiko bikarioen aurka bere abadetza defendatzeko egindako ikerketengatik, edo pulpitutik Espainiako erregearen agindu eta xedapenak ezagutaraztera ukatu zelako, besteak beste. Baina, batez ere, pobrezian bizi ziren bere eliztarrak defendatu zituelako, parrokiaren jabe laikoa zen Oñatiko kondeari aurre eginez, egin zen ezagun abadea. Pobreziari aurre egiteko, patatari eta bere kontsumoari buruzko ikerketak eta esperimentuak egiten ibiltzen zen. Horren adibideak Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen aktetan daude jasota. Badu lotura, hortaz, patata azokak abade harekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak