Estatu osoko gazteek auzolandegia egingo dute uztailean Mizpirualde egoitzan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mar. 30a, 13:21
Udalaren ekimenez egingo da auzolandegi hori. Uztailean, bi hamabostalditan banatuta egingo dute eta helburua da belaunaldien arteko elkarbizitza bultzatzea

Uztailean, lehenengoz, auzolandegia egingo da herrian. Mizpirualde egoitzan egingo da, eta izaera sozio-asistentziala izango du; hain justu, belaunaldien arteko trukerako egoki ikusi dute bai Udalak, baita Mizpirualdeko arduradunek ere. Hori horrela, auzolandegiko partehartzaileek goizetan egoiliarren dinamizazioan hartuko dute parte egoitzako animazio lantaldeko profesionalekin batera. Hori guztia, beti ere, egoitzako psikologo, begirale eta gizarte laguntzailearen gidaritzapean.
Eusko Jaurlaritzak udarako daukan auzolandegi programaren barruan dago Mizpirualdekoa. Hain justu, Udalak proiektua Jaurlaritzan aurkeztu zuen eta hark egoki ikusi du Begrako Mizpirualden auzolandegia egitea. Gainera, Estatu osotik etorritako gazteek hartuko dute parte.

Proiektuaren helburuak

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan. Hori horrela, Mizpirualdeko auzolandegiaren helburu nagusia da belaunaldien arteko elkarbizitza bultzatzea, baina horrekin batera badira beste batzuk ere, besteak beste: gazteen arteko elkartasuna bultzatzea, egoitzako giroa animatzea, herritarrek adineko pertsonek gizartean duten zeregin garrantzitsuaz jabetzeko aukerak garatzea eta  oroimen historikoa gorde eta mantentzea, nagusien ahozko ekarpenak batuz.
Hori horrela auzolandegira datozen gazteek besteak beste egingo dituzte nagusiekin: psikomotrizitate ekintzak, egunkaria irakurtzen lagundu, eurekin kartetan egin, paseatzera lagundu, jaiak eta jolasak antolatu eta egoitza herrira zabaltzea.

Herria ere ezagutuko dute

Auzolandegia bi txandatan egingo da: uztailaren 1etik 15era eta 16tik 30era.
Bestalde, partehartzaileek astelehenetik egubakoitzera hartuko dute parte egoitzako egunerokoan, goizez.
Arratsalde eta aste bukaeretan herria eta inguruneak ezagutzeko aukera izango dute, eta Udalak ekintza zerrenda bat ere prestatuko die, uztailean egongo diren ekitaldiak aprobetxatuta. Esaterako: San Martzialeko erromeria, San Kristobal jaiak, Turismo Bulegoarekin bisita gidatua, Oñatiko Arrikrutz kobetara bisita, Mendira irteera, kostaldera irteera, herriko elkarte batean afari edo bazkaria eta beste hainbat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak