Garzon epaileak espetxera bidali ditu Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo bergararrak

Mireia Bikuña 2008ko ots. 15a, 11:42
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak asteleheneko sarekadan atxilotutako ezker abertzaleko 14 kideetatik 11 baldintzarik barik kartzelatzeko agindua eman zuen eguaztenean. Espetxera bidali dituenen artean daude Aittor Aranzabal eta Mikel Garaiondo bergararrak. Batasuneko Mahai Nazionala berregiteko ahaleginean aritzea eta, ondorioz, ETAko kide edo laguntzaile izatea egotzi die. Bergarako Udalbatzak, Aralar, EAJ eta EAren aldeko botoekin bi atxilotuak askatzeko mozioa onartu zuen astelehenean egindako osoko bilkuran.


"Libre utz ditzaten exijitzea"
Atxiloketa horien harira, Bergarako udalbatzak astelehenean egindako ezohiko osoko bilkura berezian, Aittor Arantzabal eta Mikel Garaiondo bergararrak eta atxilotutako beste 12 euskal herritarrak libre uzteko mozioa onartu zuten. EAEren mozioak EAJ, Aralar eta EAren aldeko botoak jaso zituen; Alderdi Sozialistako zinegotzi biek aurka bozkatu zuen.
EAEk aurkeztutako mozioan, atxilotutako "14 euskal herritarrak berehala libre uzteko" eskaera egiten zen. Era berean,  inkomunikatuta egon direnez, haien senideek atxilotuak non dauden jakin behar dutela aldarrikatzen zen. Gainera, atxilotuendako, "konfiantza osoko abokatuak" exijitzen zituzten.
Bestalde, mozioaren hirugarren puntuan, Arantzabali eta Garaiondori eta haien senideei elkartasuna adierazi "eta atxiloketen jarraipena egiteko konpromisoa" hartzen zutela azpimarratzen zen. Bukatzeko, Euskal Herriak bizi duen gatazkari "elkarrizketan eta demokrazian oinarritutako soluzioa" ematearen  aldeko apustua egin zuten.
Gainera, EAEk aurkeztutako beste mozio bat ere onartu zuten asteleheneko bileran, Aralarren aldeko botoekin. Hain zuzen,  EAE eta EHAK alderdien aurkako legez kanporatzearen kontrako mozioa.
Beste bi mozioak, ez
EAJk eta EAk elkarrekin eta  Alderdi Sozialistak aurkeztutako mozioak, berriz, bertan behera geratu ziren. Jeltzaleen mozioak EAE eta sozialisten aurkako botoa jaso zuen eta PSE-EEren mozioak ez zuen beste inoren botorik jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak