Espaloietan ez labaintzeko tratamendua emango dute

Martxoan barrena emango dute tratamendu hori, Ibargarai, Kruz Gallastegi eta Martoko kaleetako espaloietan

Herritarrak labaindu eta lurrera erortzeko arriskua ekidin nahi du Udalak. Horretarako Hernaniko Antideslizantes Murua SL enpresaren zerbitzua kontratatu du. Herriko hiru gunetan labainkortasunaren kontrako tratamendua emango dute: Ibargarai kaleko ataripeetan (Ibargarai 32tik 54ra eta 3tik 9ra); Kruz Gallastegi kaleko bi ataripeetan eta Zubiaurre eta Martoko kaleen arteko aldapan. Guztira 1.134 metro espaloitan emango dute tratamendua.
Erabiltzearen poderioz, zoruko baldosak higatu egiten dira eta, ondorioz, labainkor bihurtu. Bada, Antideslizantes Murua SL enpresaren tratamenduaren helburua da hori saihestea eta horretarako erabiltzen dituzte zoruaren porositatea handitzen duten gai kimikoak. Izan ere, porositatea handitzean labainkortasuna galdu egiten du zoruak. Bestalde, tratamendu horrek baldosaren itxura estetikoa ez du batere aldatzen, ez dago inolako obrarik egin beharrik eta ez da batere toxikoa. Prezioari dagokionez, metro karratuak 9 euro balio ditu. Bestalde, baldosak garbitzeko ere balio du tratamenduak, izan ere, poroak zabaltzean barruan sartu zaion zikina kanporatu egiten delako.

gauez lan egin

Martxoan hasiko dira tratamendua ematen eta enpresako bazkideetako batek, Javier Erasunek azaldu duen moduan, gauez egingo dute lan: "Alde batetik, jende ugari ibiltzen den espaloiak direnez, tratamendua eman eta sikatu aurretik etengabe zapalduko liratekeelako; beste aldetik, bizilagunei enbarazu txikiena egiteko asmoz". Horrekin batera gehitu du, eguneko 500 bat metro egingo dituztela.
Erasunek azaldu duenez, espaloiaren arriskuaren edo labainkortasunaren arabera, baldosari ematen dioten porositatea bost mailatan banatzen dute. Hala, Ibargaraiko ataripeetan erabiliko duten porositate maila izango da hirukoa eta Kruz Gallastegin eta Zubiarretik Martokora arteko espaloian, 3,5ekoa, maldan daudelako.
Tratamenduaren iraupenari dagokionez, Erasunek azaldu du gutxienez bost eta zazpi urte artean irauten duela.

bergaran hainbat lan

Badira lau edo bost urte Antideslizantes Murua SL enpresak Udaalarekin lan egiten duela. Hain justu, azken urteetan Udalak diru partida bat bideratu izan du espaloietan ez labaintzeko tratamendurako. Iaz, esaterako, azoka inguruan, Mintegi kalean eta Irizar pasealekuan eman zuen tratamendua.
Bailaran Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten ere egiten dute lan, besteak beste. Arrasaten, esaterako, alde zaharrean eman berri dute tratamendu hori. 

saritutako asmakizuna

2005 urtean BECeko Asmakizunen Aretoko lehengo saria jaso zuen Antideslizantes Murua SL enpresak edozein azaleratan irristadak ekiditeko patentatutako sistema kimikoagatik. Gipuzkoako Udal ugarirendako, ikastetxeetarako, hoteletarako, kirol instalakuntzetarako... egiten dute lan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.