Bergararrek ezin izan dituzte txapelketako lehenengo bi puntuak eskuratu. Zapatuan ondo hasi zuten norgehiagoka, baina Portugalete mailako talde beteranoa da eta partiduko azken minutuetan nabaritu egin zen hori. Atsedenean Bergararrak ziren aurretik (14-12), baina bigarren zatiko lehenengo minutuak nahikoak izan zituzten bizkaitarrek berdin eta aurrea hartzeko.
"Ez dakit zer gertatu zaigun", adierazi zuen partidu amaieran Josetxo Muniategi entrenatzaileak. "Nire ustez ondo jokatu dugu lehenengo zatian, eta bigarren zatian jende berdinarekin... ez dugu asmatu. Irabazteko aukerak izan ditugu, baina ez ditugu golak egiteko sortu ditugun abagunean baliatu". Norgehiagoka amaitzeko zortzi minuturen faltan bi penalti eta kontra eraso bat izan zituzten alde etxekoek, baina ez zituzten gauza. "Hor egon da partidua", zioen Muniategik. Entrenatzailea, bestetik, ez zegoen konforme epaileek egindako lanarekin. "Portugalete talde beteranoa da eta gogor jokatu dute. Epaileek, gainera, jotzen laga diete. Gure jokalari bat muturrean jo dute eta hortza apurtu diote", esan du.