Errota Gain enpresako langileak hiru aste daramatzate dagoeneko greban. Enpresarekin bi bider bildu diren arren ez dira akordio batera iritsi. Hori horrela atzo manifestazioa egin zuten Bergaran.
Enpresarekin kontaktuak jarri gara eta adierazi digute hiru urteko proposamen bat luzatu dietela langileei. 2,1 puntuko soldata igoerarekin eta lan istripuetan soldataren %100 eskainiz. Kaleratu berriak izan diren bi langileei dagokienez enpresak egindako proposamenarekin 20 egun ordainduko lizkieke lan egindako urte bakoitzeko, baina langileek 45 egun eskatzen dituztela azaldu du enpresak.
ELA sindikatuak dio patronalak ez duela negoziazioetarako borondaterik erakutsi eta gaineratu du euren partetik grebarekin eta protestekin aurrera jarraituko dutela.
Enpresako zuzendaritzak dio, bestetik, eurak ez dutela langileekin berriz biltzeko asmorik. Proposamena eginda orain langileek hartu beharko dutela erabakia.
Torunsa enpresan ere langileek bi eguneko greba egin zuten joan den astean baina enpresarekin akordio batera iritsi dira eta astelehenean lanera itzuli ziren.
Torunsan greba utzi eta lanera itzuli dira
Langileek urtebeteko akordioa eskatzen zuten. Enpresak hiru urtekoa eskaini die eta langileek onartu egin dute: honen arabera langileek soldatek gora egingo dute KPIa baino puntu bat gehiagoko hiru urtetan; erreleboko plusa, bestetik, 2007an eguneko 1,60 eurokoa izango da eta 2008 eta 2009an soldataren igoeraren bestekoa, hauda KPIa baino puntu bat gehiago.
Horrez gain, lortu dute gaixotasun eta lan bajak %100ean ordaintzea beti. Orain arte ere egiten zuten, baina orain lortu dute hori finkatzea; hemendik aurrerako konbenioetan puntu hori ez dute eztabaidatu ere egingo.
Enpresako zuzendaritzak, bestetik, kamerak jarri nahi zituen enpresan eta langileak ez zeuden erabaki honekin ados. Akordio batera iritsita azekenean ez dute kamerarik jarriko.