Erromeriak maiatzeko egubakoitzak alaitzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko api. 27a, 18:13
Aurten ere maiatzako egubakoitzetarako erromeria sorta antolatu du Udalak. Maiatzaren 8an, 15ean eta 23an izango dira.

Egubakoitzak alaitu eta herritarrak dantzan jartzeko asmoz erromeria sorta antolatu du Udaleko Kultura sailak maiatzeko egubakoitzetarako. Hiru egubakoitzetarako, hain justu ere: maiatzaren 8an, 15ean eta 23an izango dira erromeriok.
Gainera, erromeriekin batera, beste ikuskizun batzuk ere egongo dira: dantza erakustaldiak bi egunetan, eta afaria azkenekoan, erromeria sortari amaiera emateko.
Munibe plazan izango dira erromeriak eta herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte Udal agintariek.

Hiru egubakoitz

Maiatzaren 8an izango da lehenengo erromeria. Dantzaldiaren aurretik Bergarako Moiazpi dantza taldeak erakustaldia egingo du 19:00etan, eta gero, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin erromeria hasiko da.
Maiatzaren 15ean, Bergarako Gazte Alai taldeak egingo du dantza erakustaldia 19:00etan eta erromeria, berriz, Laja II.ena eta Narbaiza trikitilariek egingo dute.
Maiatzaren 23an izango da azkeneko erromeria. 20:30ean, afaria egongo da erromeria sortari amaiera emateko eta afal ondoren erromeria hasiko da, Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariekin.

Ikasitakoa praktikara

Maiatzeko erromeriak eta San Martzial egunean egiten dena indartzeko asmoz, Jardun euskara elkarteak eta Abarka dantza taldeak bi ikastaro egin dituzte urtean barrena: erromeriako dantzak eta fandango eta arin-arina.
Ikastarootan 70 bat lagunek hartu dute parte eta horietako hainbat animatuko dira maiatzean izango diren erromerietan dantza egitera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak