Erreileno eta tostoien kofradiaren bederatzigarren batzarra

Bergarako Erreileno eta Tostoien Kofradiak 9. kapitulua ospatuko du irailaren 14an, herriko San Martin jaien barruan. Urtero egiten duten moduan, Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo beste kofradia batzuk gonbidatu dituzte ekitaldira.

Irailaren 14an 10:00etan pilotalekuan elkartuko dira kanpokoei harrera egiteko eta jarraian meza entzutera joango dira Moja Klarisen elizara. Gero handik kalejira egingo dute udaletxeko osoko bilkura aretoraino, eta han kofradiako ohorezko kide berriak izendatuko dituzte.

Oraindik ez dituzte konfirmazio guztiak jaso, baina antolatzaileek uste dute 20tik gora kofradia etorriko direla egun horretan Bergarara. Ekitaldiaren ostean Lasa jatetxean bazkaria egingo dute. Kofradiako arduradunek jakinarazi dute beste kofradia askok egiten ez duten arren, eurek herriko jendea aukeratu izan dutela orain arte ohorezko kide egitekojj, eta aurten ere hala egingo dute, herrian oraindik sari hori merezi duen jende asko dagoelako.

Hiru gizabanako eta hirukote bat izango dira aurten kofradiako kide berriak. Victoriano Gallastegi kofradiako diruzainak azaldu dizkigun horien izenak: EHUko Ekonomiako irakasle eta Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohi Mari Karmen Gallastegi; Udal Txistulari Bandako zuzendari Ramon Etxaniz; Bergarako Pilota Eskolako zuzendari eta entrenatzaile Reyes Azkoitia; eta jaietako antolatzaile eta bultzatzaile garrantzitsuak diren Felix Iñiguez de Heredia "Felisin", Luis Mari Gutierrez "Guti" eta Felix Beitia.

Ez dago beste inon erreileno eta tostoi kofradiarik, eta Bergarakoak gaur egun 19 kide ditu. Bide batez, Gallastegik eta kofradiako presidente Antonia Cansecok jakinarazi dute kofradia jende guztiari irekita dagoela, eta deialdi berezia egiten dietela emakumeei eta gazteei. Interesa duenak jo dezala San Anton auzoko Gure Ametsa elkartera.

Gaur egun erreileno eta tostoiak egiten dituzten hiru gozotegi daude Bergaran, eta kofradia saiatzen da Bergaratik kanpo janari horien berri ematen. Are gehiago, jende askok Bergara ezagutzen du erreilenoei esker.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.