Erregional mailako finala irabazi du Bergarak Oiartzunen kontra: 4-3

Mireia Bikuña 2009ko maiatzaren 23a

Bukaera ezin hobea eman dio Bergara futbol taldeak denboraldiari: erregional mailako bi talde onenen arteko finala irabazi du gaur arratsaldean. Gainera, emaitzari buelta emateko gai izan dira: finala bukatzeko sei minutu falta zirenean 2-3 atzetik zeuden mahoneroak. 85. minutuan berdindu du Jon Altzola bergararrak; eta 87. minutuan egin du garaipenaren gola Martin Ibañezek. Pozarren ospatu du bergararrek bi golak.

Kakoa, aldaketak

Hurrengo denboraldian preferente mailan elkar ikusiko duten bi taldeen arteko lehia oso parekatua izan da. Bi taldeek hasierako hamaikako indartsuak zelairatu dituzte. Bergararrak aurreratu dira markagailuan lehen zatian Gorka Martinezek boleaz sartutako golari esker.
Bigarren zatian, Oiartzunek bi gol egin ditu hiru minututan, eta aurretik jarri dira 2-1. Bergarako jokalari Martin Ibañezek egin du berdinketaren gola. 84. minutuan aurreratu da berriro ere Oiartzun. Baina Bergarak indarrak zituen oraindik ere, eta ozta-ozta, buelta eman dio markagailuari.
Gaurko partiduko kakoa aldaketetan egon dela esan zigun Bergarako entrenatzaile Manu Diazek. "Bero sargoria egin du, eta aldaketak egin ditugu azkar, baina Oiartzun taldeko ordezko jokalariek ez dute gure ordezkoen maila bera. Hortaz, guk aldaketekin arnasa hartu dugu eta gora joan gara, baina eurek indarra galdu dute apurka-apurka".
gorlako igoera
Txapeldunaren kopa jaso ondoren, jokalariek eta arduradunek afaria egingo dute Bergaran denboraldian lortutako sariak ospatzeko.

Gorlara igoera

Denboraldia agurtzeko azken ekitaldia ekainaren 6an egingo dute. Urteko moduan, Gorlara igoko dira bizikletaz eta kantinan hamarretakoa egingo dute. Gainera, denboraldiko jokalari onenak sarituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak