Errege Seminarioko elizan indusketa arkeologikoak egingo dituzte. BIDEOA

Astelehenean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten Errege Seminarioko elizan indusketa arkeologikoak egitea. Helburua da elizaren azpiko aldean dauden aztarnak aztertzea eta lanok ikusteko aukera egongo da lanean dabiltzan bitartean, bisita gidatuak antolatuko dituzte eta.

Seminarioko eliza (XVII. mendekoa) arkeologia gune moduan izendatu zuen Jaurlaritzako Kultura Sailak 1997an. Handik hamar urtera, 2007ko udaberri eta uda hasieran, zundaketa geoteknikoak egitean, zundaketa arkeologikoak ere egin zituzten eta aztarnategi arkeologikoa emankorra zela frogatu zuten. Orain, elizaren azpiko aldean dauden aztarnak aztertzea da helburua. Indusketa arkeologikoek Bergarako historiaren ezagutzan sakontzeko informazioa eman dezakete. Bestalde, etorkizunean noizbait orube honetan obrak edo interbentzioak egin ahal izateko (hasiera batean Udal Liburutegia bertan kokatzea da asmoa) lehenago azterketa eta lan arkeologikoa eginda egon behar duelako. Arkeologia gunea izanda, Diputazioak du azken hitza edozein lanarekin hasi aurretik.

Bi aurkikuntza nagusi

2007an egindako zundaketa arkeologikoan bi izan ziren aurkikuntza nagusiak: alde batetik, horma baten arrastoak aurkitu zituzten. Xabier Aranburu udal museologoaren hitzetan, "orain argitzeko dago horma horren jatorria zein den: Erdi Aroko etxe baten, jesuiten antzinako elizaren zati bat edo Bergarako harresiarena. Harresiaren kontuarekin polemika egon da betitik, hainbat historialarik harresia egon zela diotelako eta beste batzuk aldiz tesi horren kontra azaldu direlako. Polemika ez da argitu". Aipatutako hormaren zatia elizaren sarreratik gertu dago.  

Bestetik, jesuiten hilobiak izan daitezkeenak ere aztertuko dituzte indusketa arkeologikoen lehenbiziko fasean. Orain dela 11 urte, Andres Madariagaren hilobiaren losa oroitzapenekoaren azpian (1868. urtekoa), Madariagaren mausoleoko hilobiko losa (1678koa) aurkitu zuten. Madariagak diruz lagundu zuen elizaren eraikitzea. Armarria ondo zizelatuta zuen aipatutako losak eta Mikel Elkoroberezibarrek azpimarratutako moduan hilobiak balio artistiko handia dauka. Oraingo zoruaren azpian antzinako zoru artistikoa dago.

Orain martxan jarriko diren lanetan harrizko artelanetako aditu batek esan beharko du aipatutako losa, XVII. mendekoa, osorik altxatzerik dagoen, arriskurik gabe. "Horrek lanen bigarren fasea baldintzatuko du", zehaztu zuen Ondare zinegotziak. Bigarren faseak aurrera eginez gero, lan arkeologikoez gain, antropologia-lanak ere egingo lituzkete, tartean gizakien arrastoak topatzeko aukera egongo baitzen, Madariagarenak berarenak eta jesuitenak ere bai.

Lanen aurrekontua 115.000 euro inguru da (bigarren faseak %30). Lehen faseko lanek sei hilabete iraungo dute, hiru Seminarioko lanetarako  eta beste hiru hilabete laborategiko lanetarako.

Bideo-erreportajea eta bisita gidatuak

Indusketa arkeologikoak eginaz batera, aztarnategiaren eta lan arkeologikoaren difusioa egin nahi du Bergarako Udalak. Horrela, gaiari buruzko bideo-erreportajea grabatuko dute eta, era berean, bisita gidatuak antolatuko dituzte, bereziki ikasleei zuzendutakoak. Aipatutako bisitak lanen lehenbiziko fasean bakarrik egingo dira. Lanaren planteamendua, epeak eta baldintza teknikoak udal museologoak Diputazioko arkeologoarekin adostu ditu. Lanen finantzazioari dagokionez, Diputazioak horrelako lanetarako laguntza handirik ez duela ematen aurreratu zuten Aranburuk eta Elkoroberezibarrek: "Asko jota, 10.000 euro inguru jasotzea espero dugu". 

Bestalde, Seminarioko elizako erretaula birgaitzea ere aurreikusten du Bergarako Udalak. Lanen aurrekontua 138.000 euro inguru da. Erretaulak ere balio artistiko handia dauka, bereziki Loiolako San Inazioren eskultura. Gregorio Fernandez artistak eginikoa da, 1614. urtean, eta arte ikasleek ondo ezagutzen dute, adituen ustetan Gaztelako Eskolaren adibide onenetakoa baita Fernandezen lana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.