Errege Seminarioaren permutaren gainean eztabaida Goiena Telebistan

Usoa Agirre 2010eko maiatzaren 12a

Bergarako Errege Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko permuta edo trukearen gainean Bergaran sortu den eztabaida Goiena Telebistara ekarriko dugu gaur. 'Goiena magazinea'-n izango da, zuzenean, 19:45etik aurrera eta ikus-entzuleek parte hartzeko aukera izango dute, telefonoz deituz eta galderak eginez. Goiena.net-en ere jarraitu ahal izango da saioa zuzenean.

Agurne Barruso alkatea eta Rafa Amasorrain aurrez aurre (EAJ)

Bi gonbidatu izango dira Goiena Telebistako platoan: Agurne Barruso alkatea eta Rafa Amasorrain, EAJko bozeramailea.

Bi postura kontrajarri. Batetik, Udal Gobernuak eta EAk eta PSE-EEk, hau da, EAJ izan ezik udalbatza osatzen duten gainerako alderdiek, defenditzen dutena: Errege Seminarioa Bergarako Udalaren eskuetara pasatzea eta Arrizuriaga jauregia UNED-Bergara Patronatuak eskuratzea. Bestetik, EAJk defenditzen duena: Permutarik edo trukerik ez egitea eta gauzak dauden moduan lagatzea, hau da, Arrizuriaga jauregia Bergarako Udalarena izaten jarraitzea eta Errege Seminarioa, UNED-Bergara Patronatuarena.

Diputazioak permuta atzeratu

Gipuzkoako Foru Aldundiak apiril hasieran erabaki zuen permutaren gaineko erabakia atzeratzea urtebetez, 2011ko irailera arte. Patronatuaren batzarrean hartu zuen erabaki hori, Bergarako Udalaren iritziaren aurka. Arrazoi ekonomikoengatik, bizi dugun krisi egoera dela-eta, eta Eusko Jaurlaritzak UNED-Bergara Patronatuko kide izateko agertutako interesarengatik, hartu zuen erabaki hori.

Bi aldeen argumentuak

Bestalde, Bergarako EAJ hasiera-hasieratik agertu da bi eraikinon trukearen kontra. EAJren iritziz, besteak beste, herriari "3 milioi euroko galera" ekarriko lioke Udala Errege Seminarioarekin geratzeak.

Bergarako Udal gobernuak estrategikotzat jotzen du Errege Seminarioarekin geratzea eta UNEDi aukera ematea, haren etorkizuna bermatzeko, Arrizuriaga jauregian kokatzeko bere egoitza eta dagokion obrak egiteko. Bergarako Udalak Errege Seminarioan kokatu nahi ditu etorkizunean Udal liburutegia, Seminarioko museoa, Turismo bulegoa… Eta balioan jarri nahi du eraikin enblematiko hori.

Zuzenean Internetez ikusi ahal izango duzue www.livestream.com/goienatv helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak