Bada, badirudi permutak luze joko duela. Gaur goizean Donotian bilera egin du UNED Patronatuak: Diputazioak, Bergarako Udalak, UNEDek eta Kutxak. Erakundeak ez dira adostasun batera iritsi.
2011ko irailera arte atzeratzeak haserrea eragin du Udalean
Gipuzkoako Diputazioak proposatu du permutaren erabakia 2011ko irailera arte atzeratzea, egoera ekonomikoa larria delako eta Arrizuriaga Jauregian egin beharreko lanak gauzatzeko dirurik ez dagoelako. Hori horrela, Foru Aldundiak proposatzen duena da, UNEDek Errege Seminarioan jarraitu ahal izateko beharrezko obra txikiak egitea. Obra horiek, Maria Jesus Aranburu kultura diputatuak aditzera eman duenez, honakoak dira: eraikinaren egitura, teilatua eta beheko arkupearen egoera hobetzea eta traba arkitektonikoak kentzea. Hala ere, permutaren erabakia, esandako moduan, 2011ra arte atzeratuko da.
Bergarako Udala ez dator bat Diputazioaren proposamenarekin eta Agurne Barruso alkatea haserre agertu da bileraren ostean. Barrusok erantzukizun falta leporatu dio Foru Aldundiari. Alkateak azaldu du bere ustez erantzukizun falta dela Bergarako herria 2008az geroztik Errege Seminarioarekin zer gertatuko zain edukitzea eta are gehiago apirilean udalbatza permuta gauzatzearen alde azaldu zenean.
Barrusok uste du egoera ekonomikoa zaila den arren, permutaren erabakia hartu beharra dagoela eta hartu daitekeela, gainera. Hori horrela, Diputazioari proposatu diotena da, permuta orain egitea, Arrizuriagako proiektua edo UNEDen lekualdatzea 2011n edo 2012an gauzatu arren.
Aldundiak, konpromiso "irmoa" Bergararekin
Bestalde, Aranburuk adierazi du Aldundiak Bergararekin duen konpromisoa "irmoa" izan dela eta hala izaten jarraituko duela. Eta horregatik, kultura diputatuak dioenez, halako neurriko erabakiak dagokion erantzunkizunarekin hartu behar dituzte erakunde guztiek, egoera egungoa baino okerragoa izatea eragingo duen "erabaki okerrak" hartu barik.
Esan bezala, baina ez da adostasunik lortu gaur goizeko bileran eta badirudi permutaren gaia luzatu egingo dela. UNEDeko zuzendari Juanjo Alvarezekin harremanetan ipinita azaldu digu UNEDen izenean ez duela adierazpenik egin nahi, baina UNED Patronatuak gertatutakoaren berri eman beharko duela datozen egunetan.
Aranzadi ikastola, pozik
Bestalde, Aranburuk jakinarazi duenez, UNED Patronatuak Aranzadi ikastolaren handitze proposamena onartu du. Hala, Ane Barruso Aranzadiko zuzendariak dio "albiste ona" dela, eta "ahalik eta lasterren" hasiko direla obrekin. Errege Seminarioaren hiru solairu hartuko ditu Aranzadik, hau da, noblea ez den gunea. Beheko solairuan 0 eta 6 urte artekoendako gelak egokituko dituzte eta gainontzeko solairuetan, Martinez de Iralako gelak hustu eta gelok bertan egokitzea da asmoa.