Errege seminarioa patronatuaren esku geratzeko eskritura sinatu dute

Goienkaria 2009ko abenduaren 14a

Bergarako UNEDeko Patronatuak eta Espainiako gobernuak, Hazienda ministerioak hain zuzen, Errege Seminarioa Patronatuaren esku geratzeko eskritura sinatu zuten egubakoitzean, Donostian. Markel Olano diputatu nagusiak eta Javier Herrero Haziendako Gipuzkoako ordezkariak sinatu zuten akordioa.

Gaur, astelehena, UNEDeko Patronatua osatzen duten erakundeek bilera egingo dute Donostian, eta lortutako akordioaren berri emango diete komunikabideei bileraren aurretik. Diputazioaren aldetik Markel Olano eta Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua; Bergarako Udala ordezkatuz, Agurne Barruso alkatea; Kutxaren partetik Carlos Ruiz; Enrique Moreno UNED ikastetxearen partetik; Juanjo Alvarez UNED Bergarako zuzendaria; eta Luis Elizegi Patronatuko idazkaria izango dira aipatutako bileran.

Permuta

Patronatuaren eta Hazienda ministerioaren arteko akordioak eraikinen permutaren gaia atera dezake mahai gainera. Izan ere, Bergarako Udala interesatuta dago Arrizuriaga jauregia Patronatuari emateko eta ordainetan Errege Seminarioa jasotzeko.

Negoziazio luzeak

Joan den urteko urrian lortutako akordioaren arabera, UNED-Bergara Patronatuak erabaki zuen Madrilgo gobernuari Erret Mintegia milioi baten truke erostea. 2005. urtetik lagapen egoeran egon da Errege Seminarioa, eta aurrerantzean, esan bezala, Patronatuaren jabetza izango da. Bertako erakunde bakoitzak, Patronatuan duen partaidetzaren arabera egingo du diru ekarpena: Bergarako Udalak 100.000 euro, Kutxak 270.000 eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 630.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak