Erramu-zapatua mahoiz ospatzeko dei egin dute

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mar. 26a, 09:42
Bihar, Erramu-zapatuko feria izango da eta udal langileak erakusmahaiak atontzeko azken ukituak ematen ari dira. Goizean feria izango da nagusi; eguerdian, herri bazkaria –txartelak oraindik badaude–; arratsaldean, zezentxoak; eta gauean, musika. Egun borobila. Hala ere, gaur, egubakoitza, ere badira ekitaldiak: pirenaika arrazaren gaineko hitzaldia eta bertso jaialdia.

Postu ugari

Erdigunea hartuko du feriak: Ibargarai kalean ganadua egongo ikusgai eta baita txorimalo lehiaketako lanak ere; Seminarioko jolaslekuan hegazti eta animalia bitxiak egongo dira eta baita Aranzadi ikastolak kudeatuko duen talo postu bat ere; San Martin plazan artisauak egongo dira; Muniben, Luma Gorri oilaskoen postua –Beti Bustik kudeatuko du–; Simon Arrietan eta Fraiskozurin bertako ortuko produktuak eta jakiak egongo dira. 

Zirkulazioan aldaketak

Azokak hainbat aldaketa eragingo ditu zirkulazioan: Ibargarai itxita egongo da lur azpiko aparkalekutik Miguel Altunaraino. Eta kanpotik datorren zirkulazioarendako, palmondoa dagoen biribilgunetik egongo da itxita Ibargarai. Atera, berriz, Zurraderotik aterako da zirkulazioa.

Pesako autobusak ez dira herri barrura sartuko; hortaz, Ibargarai 7ko eta Oxirondoko geltokiak zerbitzutik kanpo geratuko dira. San Lorentzoko geltokia Mutualiaren aurrean egingo da. Urbanoaren kasuan, palmondoa dagoen biribilguneraino iritsiko da eta Matxiategi aldera joateko, palmondoan buelta hartu eta saihesbidetik joango da. Beste aldeko ibilbidea Zurraderotik egingo du.

Aparkalekuei dagokienez, bereziak antolatuko dituzte Martinez de Irala eta San Martin ikastetxeetako jolaslekuetan.

Egitaraua

26, egubakoitza

19:00 Hitzaldia: Pirenaika arrazaren lehena, oraina eta geroa. Osoko bilkuren aretoan.
22:30 Bertso jaialdia, Udal pilotalekuan. Parte-hartzaileak dira: Jone Uria, Julio Soto, Joxe Agirre, Iker Zubeldia eta Uxue Alberdi. Gai-jartzailea: Jardun elkartea.

27, zapatua

09:30 Feria irekiko dute; abelburuak, hegaztiak, Eusko Labeleko produktuak, makineria eta artisauak. Bergarako trikitilariak, joaldunak eta txaranga ibiliko dira goiz osoan.
11:00 Euskal oilaskoen dastatzea (Luma gorri), Munibe plazan.
12:00 Erakusketako behien ikustaldi gidatua, Miguel Altuna institututik hasita.
12:30 Txorimalo erakusketa eta sari ematea, Jardunek antolatuta.
Gero, trikitilarien kalejira eta saioa, Ibargarai kalean.
13:00 Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariaren erakustaldia, Irala kalean.
14:30 Herri bazkaria, Udal pilotalekuan.
17:30 Umeendako zezentxoak, Seminarioko jolas lekuan.
19:00-22:00 12-14 urte arteko gaztetxoendako jaialdia, Fer disko jartzailearekin, Zabalotegi aretoan.
22:30 Kontzertua, Munibe plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak