Goizeko lehen ordurako gertu ziren artisauen postuak San Martin plazan: otarrak, egurrezko tailak, xaboiak, gozokiak, txotxongiloak, bitxiak, larruzko jantziak..., aukera zabala zen. Jose Ramon Madinabeitiaren postuak ere bisitari ugari zituen; eskuz jokatzeko pilotak egiten ditu Madinabeitiak eta gaztetxoak eta nagusiak hurbiltzen zitzaizkion. Gustura zebilen lagunei-eta pilotaren xehetasunak azaltzen.
Iñaki Agirrezabalak 9:00ak alderako postua jarrita zeukan udaletxe ondoko arkupean. Haren hitzetan, "badira zazpi bat urte Bergarara etortzen naizela. Urteko lehen ferietako bat izaten da hau eta nabaritzen da jendea gogoz egoten dela; jende asko dabil gaur. Gainera, eguraldiak ere lagundu du eta giro polita dago". Aita eta ama otarregileak zituen, eta tradizioa jarraitzen du Iñakik: "27 urterekin lanik gabe geratu nintzen, 1982an, eta txikitan, etxean ikasitakoari eutsi nion orduan. Gustura nabil. Urtero etortzen zaizkidan bezeroak baditut Bergaran eta pozgarria da hori. Jendeak estimatzen ditu otarreak-eta".
Herriko koadrila ugari
San Martin plazan eta Muniben jende asko bazebilen, Seminarioan, Fraiskozurin eta Simon Arrietan ere gauza bera gertatu zen goiz osoan zehar. Antolatzaileen arabera, 200 bat postu jarri zituzten zapatuan.
Ganaduzaleak Ibargarain elkartu ziren eta han ondoan jarri zituzten Jardunekoek Txorimalo Lehiaketako lanak. 14. ekitaldia zen aurtengoa eta 33 taldek hartu zuten parte. Graziarekin egindako lanak aurkeztu zituzten.
Seminarioan, azken urteotan bezala, hegaztiek ikusmin handia piztu zuten, gaztetxoen artean bereziki. Hegaztiok zein espeziekoak ziren asmatzea zaila gertatzen zen batzutan.
Bazkal aurretik jendea Seminarioan eta Fraiskozurin batzen hasi zen: Seminarioan Giokelako postuan saiheskiak eta edariak agortu egin ziren, eta Jardunekoek ere talo ugari saldu zituzten. Fraiskozurin ere herritar eta kanpotar ugari hurbildu zen taloen usainera. Txorizo, hirugihar eta sagardo artean koadrila ugari ibili zen han.
Udaltzaingoaren arabera, normaltasunez ospatu zen jaia eta, antza denez, aurten ez da egon diru-zorroen lapurretarik. Seminarioan egindako herri bazkarian 170 lagun elkartu ziren; bildotsa burduntzian jan zuten. Herritar talde batek deia luzatu arren, mahoiz jantzitako jendea, beharbada, ez zen nahi bestekoa izan. Etorkizunean gorpuzten joango den ohitura, zalantzarik ez.