Erosleak eta saltzaileak gustura gelditu dira Bedelkarrek, Bergarako dendari, ostalari eta zerbitzuen elkartea, zapatuan Bergarako frontoian egin zuen azokarekin. Saltzaileak pozik gelditu ziren jendea ibili zelako, eta erosleak ere gustura Bedelkarrek azoka egiteko ideia izan duelako.
Helburua, beteta
Salmentak ez ziren ikaragarriak izan, baina Bedelkarren helburua herrian giroa jarri eta herriko denda eta produktuak herritarren eskura jartzea zen, ez egun guztian gelditu barik saltzen aritzea. "Produktu jakin bat erosi gura zutenek erosi zuten, baina orokorrean produktuak ikustera etorri zen jendea eta guk ere hori nahi genuen, jendeak ikustea dendetan daukaguna", dio Edith Egurenek. "Eskuartean ibili zituzten jantziak, adibidez, eta dendatik pasako zirela ere batek baino gehiagok esan ziguten", jarraitu du.
Igarza mertzeriako Maria Eugenia Igarza ere gustura zegoen azokarekin goizean goizetik. "Jende asko dabil, lehen orduan ere etorri dira batzuk, eta pozik gaude", adierazi zuen. "Bergaran beti izan ditugu komertzio onak, kalitatezko produktuak eta horiexek erakutsi nahi izan dizkiegu herritarrei", jarraitu zuen.
Bi egunetako azoka
Bedelkarrek antolatu duen lehen azoka izan da hau. Zapatuan egin zuten Udal pilotalekuan baina hurrengoa bi egunetakoa izan daiteke. "Jende askok galdetu zigun ea egun bakarreko azoka zen, ea domekan jarraipena izango zuen edo ez. Momentu baten pentsatu genuen domeka goizean ere egitea, baina ezetz erabaki genuen. Lehenengoa izanik egun bakarrekoa egitea pentsatu genuen, horrela iragarri genien herritarrei eta erabaki genuen domekako ideia hurrengorako uztea. Datozen egunetan bilera egingo dugu Bedelkarren azoka baloratzeko eta bigarren bat egitea ere eztabaidatuko dugu, ziurrenez. Aurtengoa ikusita, hurrengoa bi egunetakoa izango da, agian", dio Egurenek.
Zenbaki saritua
Hauxe da erosleen artean zozketatu zuten telebistaren zenbaki saritua: 4505. Zenbaki hori duena Gisasola burdindegira joan dadila saria jasotzera.