Hamabost egun barru ospatuko da Bergaran aurtengo Mundumira jaialdia. Programa zehaztuta dago jadanik eta herriaren antolamendua ere bai. Aste honetan plazako eszenatokia muntatzen ibili dira baina gainerako gune eta karpa erraldoiak Mundumira bezperako egunetan jarriko dituzte, ekaineko lehen astean.
Bost gune
Bost gune nagusi egongo dira Mundumira jaialdian. "Seminarioa bitan banatuko dugu. Autobus geltokiaren aldera dagoen zatian, mendi azoka eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen postuak egongo dira. Beste aldean, berriz, jakien postuak eta kale antzerkia egongo dira, besteak beste", argitu du Enara Minguez kultura zinegotziak.
Gune guztiak Seminarioa eta herriko plazaren inguruan egongo dira. "Hirugarren gunea, Ibargarai kalea bera izango da. Artisau postuak egongo dira hor ikusgai; toki ezberdinetako 40 postu inguru, guztira. Laugarren gunea, frontoia izango da. Oreka TX taldeak Nömadak izeneko bere azken lana aurkeztuko du pilotaleku barruan. Zortzi emanaldi egingo ditu guztira. Eta bosgarren gunea San Martin Agirre plaza bera izango da. Gune horretan gainerako ekitaldi guztiak egingo dira", jarraitu du jarraitu du Minguezek.
Plazako guneari lotuta, horko eszenategia herriko jaietan erabili duten bera da baina tokiz aldatu dute. Mundumiran udaletxearen kontra egongo da eszenategia, ez Seminarioaren kontra, normalean egoten den moduan. Seminarioko gunetik datorren jendeak plazako eszenategia aurrez aurre ikustea gura izan dute antolatzaileek, eta horregatik aldatu dute tokiz. Bestalde, jakien azoka Domingo Irala kalean egitekoak ziren hasieran, baina azkenean erabaki dute ezer ez egitea kale horretan, prestaketa horiek kaleko lanak atzeratu dezaketelako.
Aparkalekuak, ikastetxeetan
Aurtengo Mundumiran ere autobus zerbitzua eskainiko dute Bergaratik kanpo bizi direnendako. "Asmoa da linea bat jartzea Elorriotik Bergarara, Elgetatik bueltan, eta bestea Antzuolatik Zumarragara, hara trenez datozenak Bergarara heltzeko. Egunez eta gauez jarri gura ditugu zerbitzu horiek", dio kultura zinegotziak. Hala ere, herriko ikastetxeen jolaslekuak autoendako aparkaleku moduan erabiliko dira. Autokarabanen kontzentrazioa Martinez Irala erakinaren patioan egingo dute. 50 inguru etorriko dira asteburu osorako.