Erdiguneko bost gunetan egingo dute Mundumira festa

Usoa Agirre 2008ko maiatzaren 23a

Hamabost egun barru ospatuko da Bergaran aurtengo Mundumira jaialdia. Programa zehaztuta dago, eta herriaren antolamendua ere bai. Aste honetan, plazako agertokia muntatzen ibili dira, baina gainerako gune eta karpa erraldoiak Mundumira bezperako egunetan jarriko dituzte, ekaineko lehen astean.

Bost gune

Bost gune nagusi egongo dira Mundumira jaialdian: "Seminarioa bitan banatuko dugu. Autobus geltokiaren aldera dagoen zatian mendi azoka eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen postuak egongo dira. Beste aldean, berriz, jakien postuak eta kale antzerkia egongo dira, besteak beste", argitu du Enara Minguezek, Kultura zinegotziak.

Gune guztiak Seminarioan eta herriko plazaren inguruan egongo dira. "Hirugarren gunea Ibargarai kalea bera izango da. Artisau postuak egongo dira han ikusgai; toki askotariko 40 postu inguru, guztira. Laugarren gunea frontoia izango da. Oreka TX taldeak Nömadak izeneko azken lana aurkeztuko du pilotaleku barruan. Zortzi emanaldi egingo ditu taldeak guztira. Eta bosgarren gunea San Martin Agirre plaza bera izango da. Gune hartan gainerako ekitaldi guztiak egingo dira", jarraitu du jarraitu du Minguezek.

Plazako guneari lotuta, hango agertokia herriko jaietan erabili duten bera da, baina tokiz aldatu dute. Mundumiran udaletxearen kontra egongo da agertokia, ez Seminarioaren kontra, normalean egoten den moduan. Seminarioko gunetik datorren jendeak plazako agertokia aurrez aurre ikustea gura izan dute antolatzaileek, eta horregatik aldatu dute tokiz.

Bestalde, jakien azoka Domingo Irala kalean egitekoak ziren hasieran, baina azkenean erabaki dute ezer ez egitea kale horretan, prestaketa horiek kaleko lanak atzera ditzaketelako.

Aparkalekuak ikastetxeetan

Aurtengo Mundumiran ere autobus zerbitzua eskainiko dute Bergaratik kanpo bizi direnendako: "Asmoa da linea bat jartzea Elorriotik Bergarara, Elgetatik bueltan, eta bestea Antzuolatik Zumarragara, hara trenez doazenak Bergarara heltzeko. Egunez eta gauez jarri gura ditugu zerbitzu horiek", dio Kultura zinegotziak. Hala ere, herriko ikastetxeen jolaslekuak autoendako aparkaleku moduan erabiliko dira. Autokarabanen kontzentrazioa Martinez Irala erakinaren patioan egingo dute. 50 inguru etorriko dira asteburu osorako.

Kriket partidua, irteerak eta beste

Musika emanaldiak, azokak, haurren txokoa, kalejirak, ikus-entzunezkoak, mendi bizikleta zeharkaldia, kriket partidua eta ibilaldi kulturalak zein mendi irteerak antolatu dituzte aurtengo Mundumira jaialdirako.

Kriket partidua, adibidez, herriko DBHko ikasleen eta pakistandarren artean jokatuko dute ekainaren 7an, zapatua, Agorrosingo gunean. Gaztetxoek domekan dute entrenamendua, igerilekuko berdegunean; pakistandarrak izango dira entrenatzaileak.  Bestalde, ibilaldi kulturalak eta mendi irteerak ere antolatu dituzte, baita mendi bizikletako zeharkaldi bat ere. Horietan guztietan parte hartu gura duenak aurrez eman behar du izena telefono zenbaki hauetako baten: 943 79 64 63 edo 902 18 14 71. Jaialdia Debagoieneko Mankomunitatearen eskutik antolatu dute laugarrenez eta ibarreko elkarte askok hartu dute parte: Lokatza, Pol-Pol edo Felix Iñurrategi Baltistan fundazioa, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak