Erantzun eta Inoreneroni, Bergarako gaztetxean

Iker Barandiaran 2009ko urr. 19a, 00:25
Bergarako Txapa Irratiak jarraitzen du Debagoienera kontzertu dotoreak eramaten, kalitatea eta izena biak aldean daramatzatenak; eta, jakina, prezio merkeetan, gainera. Hala, oraingoan ere lagun talde polita batu zen gaztetxean.

Bat baino gehiago zur eta lur gelditu zen Erantzun taldearen emanaldi bortitzarekin. Anestesiaren kantu batek bataiatu zuen Zarauzko taldeak mutur-muturreko hardcorea egiten du, ia guturala; eta askorentzat ez da ohikoa halako doinu gogorrak entzutea.
Iaz kaleratutako Hazia erneltzen duen tanta laneko hainbat pieza jo zituzten eta, bitxikeriak bitxikeri, Motörhead-en pieza bat gordintzen saiatu ziren; eta Anestesia taldearen Erantzun kantua, hain justu, bertsioneatu zuten. Une horietan, gainera, Zarauzko lagunek eta hainbat bergararrek abeslaria besotan hartu zuten, giro onaren isla. 
 

Bap!-en garapen bikaina 

Jarraian, Andoain aldeko beteranoak igo ziren taula gainera. Jakina da Abrego anaiak eta dagoeneko taldea utzita daukan Drake Bap! hardcore taldetik datozela; eta talde haren garapentzat har dezakegu Inoreneroni palindromoa. Bai, hardcoretik haratago joan dira, baina post-hardcore erritmo bizi eta aldakorrera eta diskotik diskora bestelako ñabardurak gehitzen joanez. Hara non, giro ilun zein gitarra zorrotzak eta melodiak batzen dizkiote emaitzari Borjari esker eta Enekoren ahotsa marka da dagoeneko.

Mikel bateria jotzaileak gidatzen du makineria, itzela da-eta makilekin; Borjak badirudi Alvini abizena daukala gitarra-zerra eskuan hartzen duen bakoitzean, eta Marianok bestelako pultsua ematen die kantu eta giroei. Eta, azkenik, zer esan Eneko abeslariaz? Mila gudatan zaildutako abeslaria, estilo oso pertsonala eta umore kutsakorra daukana. Emanaldi bikaina, erabat!  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak