Erabilera askotariko antzokia: funtzioak eta antolaketa fisikoa zehazteko bigarren bilera parte-hartzailea

Usoa Agirre 2010eko martxoaren 24a

Bergaran erabilera askotariko aretoa egin gura dute Migel Altuna institutuaren orubean. Prozesu parte-hartzailea abiarazi zuten herritarrei hitza eman eta aretoak zein ezaugarri bete beharko lituzkeen adosteko. Atzo, martitzena, bigarren batzarra egin zuten. Herritarren artean interesa pizten du egitasmoak; 80 bat lagun elkartu ziren atzo egindako bigarren batzarrean.

Agurne Barruso alkateak argi esan zuen aretoa ez dela berehala egingo, ez behintzat agintaldi honetan, baina udal gobernuaren asmoa dela herritarrekin adostutako oinarrizko ezaugarrien zerrenda bat jasota lagatzea. Eta bi ekarpen entzun zituzten atzokoan.

  1. Valen Moñux aparejadore eta musikazale bergararrak musikaletarako egokitutako aretoa egitea proposatu zuen. Dio herrian tradizio handia dutela orkestrak, bandak edo abesbatzek egindako ikuskizunek. Planteatu zuen 700-800 ikuslerendako antzoki bat egitea, sonorizazio eta argiztapen egokiekin. Orkestrarendako fosoarekin eta kutxa akustikoarekin... Bere ustez horrelako antzoki batean gainerako ikuskizunek ere lekua izango lukete; antzerkiek, kontzertuek eta abarrek, alegia.
  2. Xabier Yeregi udal arkitektoak bere aldetik muga arkitektonikoak eta juridikoak ekarri zituen gogora. Arkitektoaren ustez lehenengo eta behin komeni da beharren programa zehaztea. Horrelako proiektu batek plan orokorra aldatzea ekarriko lukeela adierazi zuen. Behar horiek zehaztea eta konkurtsoen ideia egitea proposatu zuen.

Informazio gehiago: http://83.246.72.154/bergara

Apirilaren 20rako deitu dute hurrengo batzarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak