Entzule dezente eta umorea nagusi egubakoitzeko bertso saioan

Irati Agirreazaldegi 2009ko api. 4a, 21:00
Unai Iturriaga, Amets eta Maialen Arzallus, Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio Enaitz Alustizaren esanetara Bergarako frontoian bertsotan. Entzule dezentek gozatu zuen umore ukitu asko izan zituen bertso saioaz.

Ez ziren izan, ordea, egubakoitzeko saioan jendaurrera irten ziren bakarrak. Bertsolarien aurkezpena koplatan egin baitzuten bertso eskolako neska mutikoek.

Bertsolarien agurren ostean, bostak elkartean, asteroko afarian, jarri zituen gai emaileak. Gai politikoak ipini zituzten mahai gainean, baina lagun arteko umore giroan.
Iturriagak eta Amets Arzallusek Think global, act local esaeran oinarrituta mundutik abiatu eta Bergarara arteko errepasoa egin zuten gero.
Korrika 16ren lekukoa ere pasa zen bertso saiotik Mailen Arzallus eta Irazuren bertsoetan, hain zuzen ere.

Umorea eta gai serioagoak tartekatu zituzten saioan eta Maialen Lujanbiori Eskolarteko Bertsolari Txapelketako irudi bat eman zion Enaitz Alustizak. Asteon hil den Joxe Lizaso bertsolaria agertzen zen argazkian eta hari bota zizkion hiru bertso, haien katea ez dela eten behar esanez.

Lige kontuak

Arzallus biak familia arteko bazkarian elkartu ziren ondoren, eta baita Maialenek bikotea aurkeztu ere. Ametsen gustukoa ez eta bien arteko eztabaida umoretsuak entzuleen barreak eragin zituen.

Bikote eta lige kontuekin jarraituz, Irazu eta Lujanbio tabernan, zapatu gauez ligatzen  ipini zituen Enaitz Alustizak. Baina ez ziren bakarrik, izan ere, lore eta guzti inguratu zitzaien Iturriaga txinatarra. Barrez ipini zituzten entzuleak azken honek batez ere txinatarraren paperean erabat sartu eta r hizkiak l ahoskatuz.

Irazu aitari aitatasunaren gainean jarduteko eskatu zion gai jartzaileak eta jardun baino bizi egin behar dela esan zuen.

Erramu zapatuko feria ezin ahaztu eta Maialen Arzallusek atzeko bakoitzari animali baten papera eman zion.

Umorez eta serio

Berriz gai serioagoetan sartu eta tratu txarrak izan zituen hizpide Amets Arzallusek.
Egunerokotasuna bertso saioko gaietan ere, eta politika moduko gai serioari umore ikuspuntutik begiratuz Lujanbio eta Irazu, Ibarretxe eta Lopez, Ajuria-Eneako dekorazioak bertsotan ipini zituen

Gai serioak eta umorezkoak tartekatu zituzten bai saio osoan eta baita hurrengo bertsoetan Iturriagak ere. Izan ere, gai berari buruz tonu serioan eta umoretsuan kantatzeko eskatu zion gai emaileak mikrofono banatatik.

Saioa puntuka amaitu zuten bertsolariak aurreko guztiaren errepasoa eginez. Bertsolariak gustura eta baita entzuleak ere saioaren amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak