Beharbada, eguerdi partean behinik behin, beste urte batzuetan baino jende gutxiago ibili da. Zaila da jakitea bildutako jende kopurua. Antolatzaileen arabera, 1.500 auto inguru sartu ziren egokitutako aparkalekuetan (nobedade gisa, atzo ez dute aparkalekua kobratu) eta horrez gain asko eta asko izan dira autobusez igo direnak (Azkoitia eta Bergarako udalek zerbitzu bereziak jarri dituzte) eta beste jende mordo batek, eguraldi ona aprobetxatuz, oinez egin du Elosurainoko ibilbidea.
Azaroaren 2an Itziarren ospatuko duten feriarekin batera, mendiko ganaduari zuzendutako feria bakarretakoa da Elosukoa. 1979an lehen ekitaldia ospatu zutenetik, urtero haziz joan den feria da. Horren lekuko datu bat: lehen ekitaldi hartan 60 abelburu inguru izan ziren eta antolatzaileen arabera, 200 abelburu inguru izango ziren gaur, behiak, zaldiak, behorrak, idiak edo astoak tartean. Bestalde, Elosuko sarrera ondoko zelaian 20 bat postu ziren. Era guztietako produktuak saltzen zituzten bertan.
Giro berezia
Elosuko Bentaoste baserriko Patxi Badiolak sei behi eta idi pare bat erakutsi ditu goizean. Haren esanetan, “tratuak egitea ez da erraza izaten, are gutxiago gaur sufritzen dugun krisia kontuan izanda. Dena dela, hitzordu polita da Elosukoa: giro berezia sortzen da eta auzoan horrenbeste jende ikustea pozgarria da”. Idi pare onenaren saria eraman du Badiolak. Ez da saritzen duten lehenbiziko aldia. Sari banaketan Agurne Barruso Bergarako alkateak eta Josu Bastida Azkoitiko alkateordeak hartu dute parte. Era berean, bi herrietako udaltzainak txandakatu ziren goizeko eta arratsaldeko lanetan.
Balentin Gabilondok, Joseba Lizarraldek eta Ander Ferreirak jardun duten epaimahai lanetan. Ez dute lan erraza izan. Balentin Gabilondo pozik agertu da aurkeztutako abelburuen mailarekin. Dena dela, bere kezka azaldu du nekazaritzak bizi duen egoeragatik: “Nekazaritza kinka larrian dago eta gizarteak ez du behar bezala baloratzen lurraren kudeaketan esaterako nekazariek egiten duten lana. Instituzioek ez dute nekazariak behar den moduan kontuan hartzen eta horrela jarraituz gero, hamar urte barru edo desagertzeko zorian egongo da lehen sektorea”. Garai hobeen, oparoagoen isla da Elosu, urtean behin gutxienez.
Sariak honako hauek izan dira:
Talde onena: Antonio Olaizola
Pirenaika behi onena: Hiru Mendi elkartea
Limousina behi onena: Balentin Gabilondo
Zezenik onena: Antonio Olaizola
Idi pare onena: Pako Badiola
Behor onena: Iñigo Almortza
Zaldi onena: Luis Mari Aiastui
Asto onena: I. Lete
Asto talde onena: Santos Oruesagasti
Poni onena: Luis Mari Arakistain
Monturako zaldiak: Bentako Juani
Ahari onena: Jose Joakin Epelde