ELAk kezka adierazi du Arcelor Mittaleko altzairu lantegiaren itxiera dela eta

Txomin Madina Milikua 2009ko mar. 18a, 17:08
Sindikatutik esan dute euren beldurra dela enpresak iragarri bezala aldi baterako izan beharrean, betiko izango dela. Bergaran inbertsio gutxi egin direla gaineratu dute.

Bergarako Arcelor Mittal fabrikan laminazio lantegia eta altzairu lantegia daude, eta egungo egoera ekonomikoa dela eta azken hau aldi baterako ixteko asmoa du Zuzendaritzak. Ematen duten azalpena da Zumarragan eta Bergaran, bietan daudela altzairu lantegiak eta krisia dela eta, euren ahalmenaren erdira lanean ari direla. Hori dela eta, gauzak hobera egin arte, Bergarako altzairu lantegian dauden 70 langileak Zumarragara joatea proposatzen dute.

ELA sindikatuak ez du begi onez ikusten neurri hau, eta adierazi dute beldur direla aldi baterako izan beharrean, betiko izango den. Gaineratu dute, egoera hobetu arte beste neurri batzuk hartu beharko liratekeela.

ELAtik adierazi dute era berean, iaz Bergarako lantegiak 64 milioi euroko irabaziak izan zituela eta horietatik 30 akziodunen artean banatu zituztela. Baina gaineratu dute, Bergaran ez dela inbertsio nahikoa egin.

Salatu dute baita ere, urtebetean, azpikontratatutako eta aldi baterako 100 langile joan direla kalera Bergarako Arcelor Mittalen lantegian.

Altzairu fabrikaren itxierari buruz ez dute negoziaziorako aukerarik ikusten; ELAtik beste neurri batzuk gura dituzte eta iragarri dute elkarretaratzea egingo dutela datorren eguazten eguerdian bergarako lantegiaren aurrean.

Zuzendaritzak berretsi du aldi baterako dela

Arcelor Mittaleko arduradunekin harremanetan jarrita, esan digute, altzairu lantegia ixtea aldi baterako izango dela, egungo egoera ekonomikoa suspertu arte eta gaineratu dute, honek langileei egonkortasuna emango diela. Inbertsioen inguruan esan dute, 14 milioi inbertitu dituztela bi urtetan Bergaran kalitatea hobetzeko prozesuetan.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak