Ehunka lagun igoko dira etzi San Martzialera erromeria ospatzera

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko uzt. 2a, 15:52

San Martzial jaien barruan ekitaldi ugari egongo dira. Gaur, uztailak 2, hasi eta domekara arte hainbat ekitaldi egongo dira, nahiz eta nagusia domekako erromeria izango den.

Gaur, egubakoitza, Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua egingo du, 20:00etan, San Pedro parrokian.

Bihar, zapatua, bonba japoniarrak egongo dira 18:00etan San Martin plazan eta hori bukatu eta gero, buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute, Elgoibarko dultzainariek lagunduta. Herriko kaleetan ibiliko dira eta, besteak beste, San Martin plazan dantza egingo dute.

Domekan egun handia

Egun handia domeka izango da. 10:00etan egingo dute igoera gurdiarekin. Horren haritik, San Martzialgo zelaian gurditik banatuko den ardoa Miner Ardoak enpresak eman du aurten, doan.

11:00etan meza nagusia egongo da ermitan eta 12:00etan dantza saioa. Saio hori bukatu eta gero ohiko aurreskua egingo dute hainbat udal arduradun eta herritarrek.
Bazkalaurreari amaiera emateko Juan Mari Narbaitza eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek emanaldia egingo dute eta kantinaren inguruan egiten den abesti herrikoien emanaldiaren ostean bukatu egingo dira ekitaldiak bazkalostera arte.

Hori horrela, 16:00etan ume eta gaztetxoendako jolasak eta herri kirolak egongo dira. 17:30ean irrintzi txapelketa egongo da eta 18:00etan nagusiendako herri kirolak. Herri kiroletarako eta irrintzi txapelketarako izenematea 17:00etan hasiko da, zelaian. Bietan ala bietan izenematea 17:00etan da, zelaian. Herri kirolak bukatu eta gero, Txinparta taldearen eskutik erromeria egongo da eta 21:00etan jaitsiera.

Elkororen alde

Jose Luis Elkororen aldeko plataformak dei egin du haren alde atera dituzten kamiseta jantzita joateko San Martzialera. Oraindik erosi ez duenak aukera izango du gaur, egubakoitza, San Martin plazan 19:00etan jarriko duten postuan.

Bestetik, jakinarazi dute Elkorok San Martzialen aurreskua egin zueneko argazkia ere jarriko dutela zelaian.

Urbano zerbitzua

Dohaineko urbano zerbitzua jarriko du Udalak domekan San Martzialera igotzeko. 09:30-14:00 eta 16:00-20:30 ordutegia izango du eta gorako geltokia izango du Oxirondo plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak