Eguneko, batez beste, 1.150 sarrera izan dute udako denboraldian Agorrosinen

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko irailaren 28a

Kirol batzordeak udako kanpainaren balorazioa egin berri du. Oro har, pozik azaldu dira kanpoko igerileku berriak izan duen harrerarekin. Egunik jendetsuena uztailaren 15a izan zen: 2.339 sarrera zenbatu zituzten.

Martin Etxeberria Kirol zinegotziaren esanetan, "herritar ugari" ibili da kanpoko igerilekuan eta hori "halako igerileku baten beharra zegoen seinale da", zinegotziaren ustez.

Kirol batzordeak badaki ere hobetu beharreko hainbat gauza ere badirela. Martin Etxeberriak halaxe esan du: "Garbi geneukan aurtengo udako denboraldirako martxan egon behar zela kanpoko igerileku berria, eta horrek eragin du gauza batzuk apur bat presaka egitea. Ondorioz, badakigu akats batzuk egon direla, besteak beste, berdegunean". Hain justu, berdegunearen eskuineko aldea lokaztuta egon da eta herritar ugari kexatu dira horregatik Agorrosingo harreran.

Etxeberriak azaldu duenez,oraindik ez dakite zergatik gertatu den hori: "Uste dugu belarra jarri aurretik lurra gehiegi zanpatu zutela eta ura ezin izan dela iragazi. Eta  azalean geratu dela lokatza sortuz". Eta gaineratu du: "Baina benetako arazoa zein den jakingo dugu Antzibar enpresak lurra jasotzen duenean,ordura arte ez. Jakinaren gainean daude eta berehala hasiko dira lanean". Horrekin guztiarekin, akats hori eta egon diren beste batzuk datorren urterako konponduta egongo direla aurreratu du. 

Taberna

Tabernaren gaineko kexak ere jaso dituztela azaldu du zinegotziak. Hain justu, domeketan ez dutelako bazkaltzen eman. Horren harira esan du tabernaren funtzionamenduaz gain, espazioa beste modu batera antolatzeko erabakia ere hartu dutela. Udako eta neguko denboraldia bereizteko moduan antolatuko dute eta aztertzen dihardute hori nola egin. Aukeretako bat da pareta mugikorrak jartzea.

Jende asko

Agorrosinera udan hurbildu den jende kopuruari dagokionez, batez beste 1.150 sarrera zenbatu dituzte eguneko. Hilabetez hilabete begiratuz gero, ekaineko egunik jendetsuena 30a izan zen. Egun horretan 2.151 sarrera zenbatu zituzten. Egunik tristeenean, berriz, 288.

Uztaileko –eta udakoa ere bai–  egunik jendetsuena, uztailaren 15a izan zen, 2.339 sarrerarekin. Eta uztaileko egunik tristeenean 401 sarrera egon ziren. Abuztuari dagokionez, egunik arrakastatsuena 31 izan zen 1.781 sarrerarekin, eta tristeenean, 350 sarrera zenbatu zituzten. 

Osasun-laguntza

Uda osoan 44 osasun-laguntza egin dituzte Agorrosinen. Gehienak izan dira ebaki eta kolpeengatik; horietatik –39– kanpoko igerileku eta berdegunean. Bestetik, lauk baino ez dute ekintza gunetik kanpoko laguntza behar izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak