Migel Altuna Institutuaren eta Udal Pilotalekuaren artean sortu da putzu horietako bat eta Udal langileek frontoitik eta inguruko dendaren batetik jaso dute abisua. Langileak berehala gerturatu eta estoldetako zikinkeriak kendu ostean berehala joan da ura zegokion bidetik.
Gauza bera gertatu da San Martzialerako bidean, Boni Laskurain aldameneko errepidean. Han ere putzu handia sortu da eta ur zerbitzuko langile batek jardun du estolderiak garbitzeko lanetan. Hark esan digunez, horrelako euri jasak izaten direnean putzu handiak sortzen diren gunea da hori. Bere esanetan, "konponketa batzuk egin zituzten eta orain menditik datorren ura hobeto bideratzen da, hala ere, hostoak eta zikina pilatzen denez, garbitu ezean horrelako putzuak sortzen dira".
Euria dihardu oraindik Bergaran eta baliteke ur zerbitzuko langileek berriz ere putzuak dauden abisua jasotzea eta lanera joan beharra edukitzea.
