Egubakoitzak alaitu eta herritarrak dantzan jartzeko asmoz, erromeria sorta antolatu du Udaleko Kultura Sailak aurten ere, Moiazpi eta Abarka dantza taldeen eta Jardun euskara elkartearen laguntzarekin.
Hain justu ere, apiril eta maiatzeko hiru egubakoitzetarako antolatu dituzte. Iaz maiatzean izan ziren guztiak; hain zuzen, Maiatzeko erromeriak izendatu zuen ekimena Udalak. Hala ere, apirilera aurreratzea erabaki dute: "Maiatzean Pazkoak eta Musika Eskolakoen jaialdi bat daude, eta ez dugu nahi izan ekitaldi guztiek bat egitea", esan dute Udaleko Kultura Zerbitzuko ordezkariek. Horrekin guztiarekin, Udaberriko erromeriak izendatu dute aurten ekimena.
Hori horrela, hiru erromeriak izango dira apirilaren 23an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 8an.
Horrekin batera, eta iaz bezala, erromeriekin batera beste ikuskizun batzuk ere egongo dira: dantza erakustaldiak lehenengo bi egubakoitzetan eta afaria azkenekoan, erromeria sortari amaiera emateko.
Bestalde, aipatzekoa da lehenengo saioa egingo duten Monik eta Eider trikitilariak Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XVIII. lehiaketako irabazleak direla.
Emanaldiok Munibe plazan izango dira eta udal iturriek aurreratu dutenez, aurten karpa jarriko dute, euria eginez gero ere emanaldia han egin ahal izateko. Horrekin guztiarekin batera, herritarrei dei egiten diete saiootan parte hartzeko. Duela hiru urte ekin zioten erromeria sorta antolatzeari. Erromeria dantzak zein giroa ez galtzeko ahalegina izatearekin batera, urtean barrena antolatzen diren ikastaroetan parte hartzen duten herritarrei ikasitakoa erakusteko aukera ematea ere badute helburu.
Erromerien egitaraua:
Apirilak 23
19:00 Moiazpi dantza elkartearen erakustaldia; eta gero, Monik eta Eider trikitilariekin erromeria.
Apirilak 30
19:00 Gazte Alai dantza elkartearen erakustaldia; eta gero, erromeria Izer, Alai eta Lutxurdio trikitilariekin.
Maiatzak 8
Kalejira herriko trikitilariek alaituta.
20:30 Erromeria-afaria; eta gero, erromeria Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin.
Saio guztiak Munibe plazan izango dira.