Eguaztenean hasiko dira Irizar zaharberritzeko lanak

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mai. 10a, 11:59
Eguaztenean, hilaren 12an, hasiko dira Irizar jauregia zaharberritzeko lanak. E Planaren barruan egingo diren lanok Goitu Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu, hari esleitu dizkio-eta Udalak 1.109.478 eurotan. Lanen zuzendaritzaz, berriz, Zetabi Arkitektura Bulegoa arduratuko da, jauregiaren zaharberritze proiektua idatzi duen enpresa bera.

Helburua da jauregia erabat berritzea eta konpondu eta gero, Helduen Heziketa Iraunkorra (HHI), Udal Euskaltegia eta KZgunea kokatuko dira XVII. mendean Urrutia-Espilla familiak eraikitako jauregian.

Azken aldaketak

Egingo diren lanek Aldundiaren Ondare departamenduko teknikariek ezarritako irizpideak jarraituko dituzte –eraikinaren barruko distribuzioa eta izaerak mantentzea, babestutako ondare den heinean–; bestetik, hezkuntzarako erabilera izango duenez, bada ezaugarri horiek dituen egoitza baten beharrak asetuko dute. Bestalde, irisgarritasuna erabat bermatuko dute. Hain justu ere, egingo den lan nagusietako bat izango da igogailua jartzea. Bestalde, sarrera nagusitik igogailura iristeko mailak daudela kontuan izanda, mugikortasun arazoak dituztenendako beste sarrera bat egokituko dute jauregiaren eta Barrenkale 35 eraikinaren artean dagoen pasabidean.

Hiru solairu

Sotoa, behe, lehen, bigarren eta hirugarren solairuak eta teilatupea ditu etxeak. Sotoa eta behe solairua Udal Euskaltegiak eta HHIk partekatuko dute; lehen solairua HHIrendako izango da eta bigarrena, Udal Euskaltegirako. Hirugarren solairuan KZgunea joango da. Bestalde, teilatupean 60 bat lagunendako aretoa ere egingo dute.
Lanak abenduaren 10erako bukatzea aurreikusi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak