Murgoitioren nagusitasuna
Elite mailako txirrindulariak irten orduko, zirkuitoa erabat lokaztuta zegoen; baina, egoerari aurre eginez Egoitz Murgoitiok menderatu zuen lasterketa hasieratik bukaerara. Lehen itzulian Tino Zaballak eta Atenaseko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu zuen Jose Antonio Hermidak gertutik jarraitu zuten Murgoitio. Baina, hirugarren itzulian aurrera egin zuen Cafes Baqueko ziklistak, eta helmugara 41 segundoko abantailarekin heldu zen. "Proba oso gogorra izan da, lokatz asko zegoen-eta. Dena den, gustura nago egindako lanarekin. Tino Zaballak huts zein tokitan egiten zuen ikusi dudanean, aurrera egitea erabaki dut. Zirkuitoa zegoen moduan egonda, abantaila hartzen zuenak lasterketa irabaziko zuela uste nuen, eta hala izan da", esan zigun amaieran Egoitz Murgotiok.
Zaleek Espainiako Kopa irabazteko lehian zeuden Zaballaren eta Ruiz de Larrinagaren arteko lehia espero zuten, baina Larrinaga hasieratik geratu zen Zaballaren eta Murgoitioren atzean. Spiuk Urteaga taldeko txirrindularia laugarren heldu zen helmugara.
Bestalde, CDR taldeko Iñigo Roldan aretxabaletarra 17. tokian sailkatu zen eta Zigor Urain arrasatearra 26. tokian, itzuli batera.
Elgetarra, maila onean
Elite mailako emakumeen lasterketan Rocio Gamonalek, Jone Muxikakren eta Rosa Maria Bravoren arteko lehia estua ikusi genuen. Gamonalek markatu zuen erritmoa. Hirugarren itzulian aurrera egin zuen Bravok, eta Muxika elgetarra atzean geratu zen. Baina, azken itzulian Rosa Maria Bravo erori egin zen eta Gamonal eta Muxika sartu ziren, hurrenez hurren, lehen eta bigarren tokietan.