'Egileor'-en bertso soinua faltako da etzi erromerian

Jasone Zabala 2008ko uztailaren 3a

Aurtengo San Martzialetan hutsune nabarmen bat egongo da: urte askoan erromeriak bertso soinuz alaitu dituen eta aurten hil den Jesus Alberdi Egileor. Haren ordez, Juan Mari Narbaizarekin batera Jose Luis Gorrotxategi arituko da bertsotan.

Aurten, guztira, 178 mahai eta 1.453 aulki alokatu dira – joan zen urtean baino gehiago. Zelaian taberna bakarra ipiniko dute aurten. Kantina egongo da zabalik eta Herri Mugimendua taldea arduratuko da haren ustiaketaz; txosnaren ustiapenerako, berriz,  ez da talderik aurkeztu.

Ekitaldi ugari eta Egileor falta

Erromeriaren hasiera 09:30ean izango da, Lizarrako gaitari, Zumarragako trikitilari eta Bergarako Udal Txistulari Bandarekin. Ostean, 10:00etan, gurdiarekin San Martzialera egingo dute igoera. 11:00etan meza nagusia egingo da ermitan, eta ondoren ohiko aurreskua dantzatuko da; aurten ere, pasa den urteko erromerian bezala, udalbatzak soka- dantza egingo du. Bazkal aurretik Juan Mari Narabaiza eta Jose Luis Gorrotxategik –urte askoan Egileor zena bertsotan aritu ondoren– bertsotan arituko dira, eta ondoren kantina inguruan abesti herrikoiak abestuko dituzte. Bazkalostean, 16:00etan umeendako jolasak egongo dira eta 18:00etan, berriz, herri kirolak. Sokatiran 16 urtez gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta gehienez ere zortzi laguneko taldeak izango dira. Txinga jokoan, berriz, gizonek 50 kiloko bi txinga eramango dituzte eta emakumeek 25 kiloko bi.

Egunaren amaiera

Ordu berean, Txinparta taldearen eskutik erromeria egongo da. 21:00etan egunari amaiera emateko, jaitsierako txupinazoa botako dute, eta San Martzialetik jaitsiera hasiko da; bertan, Udal Musika Bandako txistulariek, Lizarrako dultzaineroek, Zumarragako trikitilariek eta Incansables txarangak alaituko dute. Egun horretarako garraio zerbitzua egongo da egunean zehar; domekan ezingo da zelaira autorik sartu, bertara janaria daramatenak izan ezik. Bestalde, San Martzialeko bidea zirkulazioarendako itxita egongo da 21:00etatik 22:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak