'Egileor' bertsolariari omenaldi hunkigarria egin diote auzokideek

Maider Arregi 2008ko mai. 25a, 21:39
Jesus Alberdi 'Egileor' bertsolaria izan dute gogoan Elosu auzoko Otaba jaietan. Gaur omenaldia egin diote elizpeko sagardotegian; auzoko meza nagusian ere gogoratu dute. Bihar, astelehena, egun handia da baina, Elosuko auzotarrendako. Jaiei amaiera emateko erretiratuen aldeko meza, bazkaria, afaria eta erromeria berezia egingo dute.


Elosuko auzotarrek bihar, astelehena, dute Otaba jaien egun handiena. Meza nagusian erretiratuak eta Egileor bertsolaria omenduko dituzte 13:00ean. Ondoren, bazkaria egingo dute 14:30ean. Gaztetxoendako ere badago tokia Otaba jaietan; 18:00etan jolasak  egingo dira. 20:30ean auzo afaria eta ondoren erromeria bereziarekin goizalderarte dantzaldia izango dute auzotarrek.

'Egileor' bertsolari gozoa

Askorentzat Egilorrek zeukan ahotsik polit eta gozoena. Atzo egindako omenaldian horrelaxe   gogorarazi du Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak. "Zalantzagabe, Egileorrek bertsolaritza munduko ahotsik goxoena zeukan. Bai bere bertsoak kantatzeko eta baita beste bertsolarien bertsoak kantatzeko ere. Lasai abesten zuen, hori ezaugarri zuen, gaur egun uste dut bertso guztiak berdin kantatzen direla, baina berak gora beherekin eta behar ziren etenaldiekin abesten zuen. Neurriarekin ere beti asmatzen zuen nahiz eta berak ez jakin bertso bakoitzak zenbat silaba zituen". Egileorrek belarriz egiten zituen errima denak. "Nire lehen maisua izan zen. Bertsolari handia zen baina kantatzeko eran handiagoa". Bestalde, omenaldian parte hartu duten bi bertsolariek, Gorrotxategi eta Narbaizak Otaba jaietan giro paregabea egoten dela eta izen handiko jaiak direla azpimarratu zuten. Guztira, 60 bat lagun elkartu dira gaur, domekan, elizpean antolatutako sagardotegian. Lutxurdio eta Aitziber trikitilariek giro paregabea jarri dute bazkal ostea animatuz.

Reyes Azkoitia, Egileorren koinata, hunkituta zegoen. "Niretzat koinatua baino gehiago izan da, oso genuen maite denok. Bertsolari ona eta gozoa. Eguneroko bizitzan bertsotan  aritzen zen eta pozgarria zen berarekin egotea". Otaba jaien balorazio oso positiboa egin du. "Giro paregabea dago auzotarren artean. Astelehenean dugu egun garrantzitsuena. Izan ere, erretiratuen omenezko meza, bazkaria eta erromeria berezia egingo da". Nabarmendu nahi izan du ere oso berezia izan zela domekan egindako bazkaria elizpeko sagardotegian.

Juan Kruz Mendizabal Elosuko apaizak ere hitz onak besterik ez ditu  Egileor gogoratzeko orduan. Mendizabalek urte betez ezagutu zuen bertsolaria baina oso gertukoa dela adierazi du. "Oso gizon ona eta apala zen. Hitzez laburra baina gizon fina. Bestalde jaiak paregabeak direla azaldu du eta auzotarren jarrera ezin hobea dela. "Umorez betetako jaiak dira. Festa giroa paregabea da eta auzotarren parte hartzea oso handia.  Bergaratik ez ezik, Urretxu edota Zumarragatik ere etorri dira Otaba jaiak ospatzera. Elizapean egin dugu aurten gainera bazkaria eta oso gustura egon gara. Astelehena egun handia da ere. Egileor gogora ekarriko dugu meza nagusian eta auzoko erretiratuei ere omenaldia egingo diegu. Goizetik gauerarte ekintza ugari daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak