Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzak Eduegi baserria Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzen duen dekretua aldatzeko espedienteari hasiera eman dio.
Urtarrilaren 27ko 16/2004 Dekretuaren bitartez Monumentu kategoriako Kultura-Ondasun izendatu zuten San Kristobal auzoko Eduegi baserria, eta haren babes-araudia ezarri zuten. Bada, Kultura sailari bidalitako idatzi baten, baserriaren babes-araudia aldatzeko eskaera egin dio Euskal trenbide Sareak "kultura-ondasunaren babesa eta Euskadiko trenbide Sare Berria (Euskal Y-a) bateragarri egiteko asmoz.
Hala, Euskal Trenbide Sareak egindako eskaera baloratu ondoren, babes-araudiaren 9. artikulua berridaztea proposatu dute eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzak ebazpen bidez hasiera eman dio Dekretua aldatzeko espedienteari.
Aldaketa 9. artikuluan
16/2004 Dekretuko III. Eranskinean finkatzen dira baserriaren babes-araubideak eta horien 9. artikuluan debekatutako esku-hartzeak. Hain justu ere, honakoa debekatzen du: "Inguruan esku-hartzea, baserria erraz ikustea eragotziz edo bere ingurua andeatuz; eta hiri-altzari eta bide handiak ezarriz. Baserriko inguruneak landa itxura mantendu behar du".
Ebazpen berriak, berriz, 9.artikulua honela idaztea proposatzen du: "Baserriaren ikuspegia murrizten duten edo ingurunea hondatzen duten esku-hartzeak, hiri-altzariak eta bide handiak barne. Dena den, onargarritzat joko dira interes orokorreko bide-azpiegiturak, betiere eskura dauden ingurumen-teknika onenak aplikatuz aski neurri zuzentzaileak sartzen badira, besteak beste eragindako ingurunearen paisaia lehengoratzeari buruzko proiektua idaztea, honako alderdi hauek jasoko dituena: lurperatutako uztarri bat exekutatzea; dardarak saihesteko lubaki barrubete bat exekutatzea; hala badagokio, lehengo sarbidearen antzeko trazadura izango duen bide berri bat exekutatzea, behar bezala integratuta eta behar diren bertako larre eta zuhaitzak landatuz. Baserriko inguruneak landa itxurari eutsi beharko dio".
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita 20 eguneko epea zabalduko dute alegazioetarako.
Udalak, alegazioa
Udal arduradunak alegazioa prestatzen dihardute Jaurlaritzaren erabakiarekin ez daudelako ados. Mikel Elkoroborezibar Kultura Ondare batzordeburuak esan du: "Ez dugu ondo ikusten baserriaren babes-araubidea aldatzea; izan ere, Eduegi moduko baserriak erabateko babesa behar du daukan balioagatik. Alegazioa prestatzen dihardugu eta epea zabaltzen dutenean aurkeztuko dugu".
Baserrikoak, kezkatuta
Eduegiko Pilar Garitanok uste du "garrantzia handiagoa ematen" zaio etxeari "etxe barrukoei baino". Azaldu du AHTaren egungo trazatua, etxearen beheko aldetik doana, aurrekoa baino – goiko aldetik zihoan– "askoz kaltegarriagoa" dela eurentzat zein auzoarentzat. Bestalde, azpimarratu du kezkatuta daudela: "Ez dakit ze bizi kalitate izango dugun trenarekin", esan du. Eta gehitu du: "Desjabetzan ere pentsatu dugu. Etxea erakundeen esku geratuko litzateke eta guk, behintzat, kalte-ordaina jasoko genuke. Ez da batere erraza argitasunez pentsatzea...".