EAJk dio akats larria dela Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko jabetza eta erabilpen trukaketa

Usoa Agirre 2008ko abenduaren 4a

Bergarako EAJk ez du nahi Arrizuriaga jauregian kokatzea Uned-Bergara. Hala, Bergarako Udal gobernuak eta Uned-Bergarako zuzendaritzak agertutako asmoen aurka azaldu dira zinegotzi jeltzaleak. Hain justu ere, Errege Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko jabetza eta erabilpen permuta edo trukaketa "akats larria" dela diote.

Toki egokiena Seminarioa

Bergarako EAJk uste du Errege Seminarioa dela Uned-endako toki egokiena "bere historiagatik, herrian sortzen duen giroagatik" eta Boloniako akordioei aurre egiteko behar dituen "egokitzapen obrak bertan egiteak eraikinaren zati garrantzitsu bat sendotzea" ekarriko lukeelako. Bestalde, uste du Bergarako EAJk, Arrizuriagako jauregia eta haren inguruko Untzeta parkea "toki paregabeak" direla "herriaren erabilpenerako", bertan Udal Liburutegia kokatuz. Esan behar da, aurreko agintaldian, Victoriano Gallastegi alkate zela (EAJ), Udal Liburutegia Arrizuriagan kokatzea aurreikusi zela. Liburutegirako eta parkea egokitzeko proiektu bana eginak zeuden. Jeltzaleek uste dute "onartezina" dela, Uned-en "espazio beharra asetzeko", eraikin berria egitea, "parke historikoaren zati bat hondatuz". Zentzu honetan, diote, ez dutela ulertzen aurreko agintaldian Roman Oiartzabal kale berria hainbeste kritikatu zutenek —Untzeta parkea zeharkatzen du— orain, "parkeari eragingo dion" eraikin berria egitea "ontzat" ematea.

Konponketa sakonak

Amaitzeko, diote, Errege Seminarioaren egoera dela-eta, eraikinean "konponketa sakonak" egitea eskatzen duela; diru asko gastatu beharra ikusten dute. Ostera, gaur egungo jabetza egoerari eutsiz, hau da, trukaketarik egin barik, "Bergarako Udalak berritze kostuen %10 ordaindu beharko" lukeela, eta "ez kostuaren guztia". Trukaketa eginez gero, Arrizuriagarekin geratuko litzateke Uned-Bergara Patronatua. Berau osatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak (%63), Kutxak (%27) eta Bergarako Udalak (%10). Eta, Bergarako Udala Errege Seminario osoarekin. Eraikinaren zati bat lagako lioke Udalak Aranzadi ikastolari, han kokatzeko bere eskaintza akademiko guztia, Martinez Irala utziaz San Martin Agirre ikastetxe pubikoarendako.

Zinegotzi jeltzaleek ondo ikusten dute Errege Seminarioa Uned-Bergara Patronatuak erosi izana, ikastetxeen beharrak konpon ditzakeelako, "gestio arduratsu eta zentzuzkoa" egiten bada. Baina, ostera, trukaketa egitea, "akats larria" dela uste dute.

Eskaera zehatzak Udalbatzari

Bergarako Udalean bigarren indarra eta oposizioko nagusia da EAJ gaur egun. Bost zinegotzi ditu eta bostak egon ziren martitzeneko prentsaurrekoan. Aurreratu zuten idatzi bat sartu dutela Udalean, aztertu eta bozkatu dezan udalbatzak. Lau puntutan oinarritzen da EAJk Bergarako Udalari egiten dion eskaera: lehenik, Errege Seminarioaren eraikin osoaren eta gehigarrien egoera arkitektonikoa, egituraren egoera, zimentazioa, teilatua eta abar, zehatz-mehatz azalduko dituen "txosten teknikoa egitea" eta horrekin batera, beste txosten bate jasoko duena "egin beharrezko birgaitze lanak". Bigarrenik, birgaitze lanen balorazio ekonomikoa egitea. Hirugarrenik, birgaitze hori finantzatzeko "formulak eta konpromisoak" zehatz ditzala eta, azkenik, Errege Seminarioa "etorkizunean erabiltzeko aukerak aurkeztea", baldin eta inoiz Uned-Bergarak erabiltzeari lagako balio. Oro, har, eskatzen dute egitea, "guztiz beharrezko ikusten duten" ikerketa sakona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak