EAJ: "Herriari 3 milioiko galera ekarriko dio Seminarioarekin geratzeak"

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mai. 7a, 10:46
EAJ alderdiak Seminarioa-Arrizuriaga trukearen gainean duen iritzia eman nahi izan du, aurreko astelehenean trukearen alde dauden Gobernu taldeak, PSE-EEk eta EAk egin zuten moduan.

Hala, erredakziora bidalitako prentsa oharrean dio: "UNEDeko Patronatuak trukearen behin betiko erabakia 2011ra atzeratzea, egoera ekonomikoa eta Jaurlaritzaren parte-hartzea arrazoituz, egokitzat baloratzen dugu".

Era berean, herritarrei lau jakinarazpen egin nahi dizkiete: batetik, "Aranzadi ikastolari haren espazioa handitzeko emandako baimena positibotzat jotzen dugu", diote. Eta gehitzen dute: "Horrela, ikastolak bere jardun osoa Seminarioan eskaini ahal izango du eta horrek Bergarako eskola mapa berregituratzen lagunduko du". 
UNED zentroaren harira diote: "UNEDek ere, egin beharreko egokitze obren ondoren, haren proiektua Seminarioan aurrera eramatea ahalbidetuko du".

Bestetik, Bergarako ondare historikoa "balioan jartzea ahalbidetzen" duela uste dute, "STOA enpresan egindako ikerketaren arabera". Bukatzeko, arlo ekonomikoa ere aipatzen dute: "Seminarioa gaur egun herriaren esku gelditzeak hiru milioi euroko galera ekarriko dio Bergarari, eta Arrizuriaga galtzea ere –UNED Seminarioan birmoldatzea 6,5 milioi dira eta Arrizuriagan, 3,5". Horrekin batera, zera dio EAJk: "Arrizuriaga jauregia eta haren ingurua leku paregabea da liburutegi eder bat, kultura etxea, taldeendako lokalak, wi-fi gunea eta beste hainbat azpiegitura han kokatzeko. Arrizuriagak eta han egin daitekeen handitzeak aukera asko emango dizkio Bergarari".

Mozioari erantzuna

Era berean, EAJk bere iritzia azaldu nahi izan du hilaren 26an egindako osoko bilkuran trukearen alde Gobernu taldeak, PSE-EEk eta EAk onartutako mozioaren harira: "Mozioan Errege Seminarioa estrategikotzat dute, han kultura ekipamenduak kokatzeko, baina hiru urte igaro eta gero ez dakigu zeintzuk diren aipatutako ekipamenduak, ez dutelako ezer aurkeztu". Eta bukatzeko hau gehitzen dute: "UNEDek Arrizuriaga nahiago izatea ulertzekoa da; nola ez, bada!, dagoen tokian egonda!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak