EAE eta Aralar udal gobernua osatzeko bidean

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko eka. 15a, 13:39
EAE-ANV eta Aralar udal gobernua osatzeko bidean daude. Aralarrek ez du oraindik baietzik esan, baina onartu du antzeko programak dituztela eta esan du prest dagoela alderdi bien programak ondo aztertzeko. Programa bateratu bat egitea lortzen badute, Aralarrek baietz esango dio EAEk udal gobernua osatzeko egindako proposamenari.

EAE-k emandako pausuak

Hauteskundeetako emaitzak ikusita, Bergarak aldaketaren aldeko botoa eman duela uste du EAEk eta hori aintzat hartzeko konpromisoa hartu zuen. "Hori kontuan izanda, hemendik aurrerako bidelagunak zehazteko irizpideak jarri ditugu hasteko. Hiru dira irizpide horiek: alderdi abertzalea izatea, politika aurrerakoia egitea eta prozesu demokratikoaren aldeko jarrera baikorra izatea. Horrela, bi aukera ikusi ditugu: Aralar eta EA. Bi alderdi horiei eskaini diegu udal gobernua osatzea", azaldu du EAEko Agurne Barrusok. "EAJ eta PSE-EE-rekin ere elkartu gara, gure irizpideak azaltzeko eta udal funtzionamenduari buruz hitz egiteko", jarraitu du Barrusok.

Aralar eta EA

Bestalde, Aralarrek herri batzarra egin zuen martitzenean eta hantxe eztabaidatu zuten zein erabaki hartu. "Gu prest gaude EAErekin batera gobernatzeko. Hurbiltasun ideologikoa dugu eta bion programak antzerakoak dira. Hala ere, zapatutik aurrera 30 egun daude Udal gobernua osatzeko eta epe horretan programa bateratu bat egiten saiatuko gara. Lortzen badugu, baiezkoa emango diogu EAEk egindako proposamenari", zehaztu du Mikel Etxaniz Aralarreko zerrendaburuak. Dena den, zapatuko inbestidura egunean botoa nori emango dioten garbi dute, ordea: "Agurne Barrusori emango diogu alkate izateko botoa, bera izan da bozkatuena eta", esan du Mikel Etxanizek.

"EAJrekin ere elkartu gara. Lehengo udal gobernua osatzea proposatu digute, EArekin batera, baina ikusi dugu jendeak aldaketa bozkatu duela eta ez genuen nahi alkatetza EAJri ematea. Hala ere, gure arteko harremanak onak izaten jarraitzen dute", gaineratu du Etxanizek.

EAk ez du oraindik erabakia hartu baina euren eta EAEren programak ikusita, iritzi ezberdinak eta programetan ezberdintasunak dituztela esan du Lauri Askargortak. "Batez ere hirigintzan ditugu ezberdintasun handienak. Hala ere, oraindik ez diogu ezetzik esan proposamenari. Datozen egunetan aztertuko dugu hobeto", zehaztu du. Zapatuan EAko hautagaiaren alde bozkatuko duela ere esan du.

EAJ, oposizioa egiteko prest

EAJko German Muruamendiarazek onartu du lehengo formula errepikatzen saiatu direla Aralar eta EArekin, baina ez dela posible izan "Aralarrek ez duelako nahi alkatetza kentzea zerrenda bozkatuenari". Muruamendiarazek "normala" ikusten du oposiziora joatea, baina elkarlanean jarraitzeko gertu daudela esan du: "Oposizio eraikitzailea egin nahi dugu, ez eztabaidatsua". Zapatuan, euren hautagaiari emango dio botoa EAJk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak