Ibargaraiko F blokeko lehen sotoan aparkaleku irekietako plaza erosteko zozketa finkatzea izan zen gaietako bat. Lehen deialdian zazpi pertsonak eman zuten izena aparkalekuak erosteko. Horien artean egingo da zozketa, baina eskatzaile bakoitzari garajea zozketan eman ordez, notario aurreko zozketa publikoa finkatzen duenaren arabera nahi duten aparkalekua aukeratuko dute; hau da, zozketatuko dena aparkalekua aukeratzeko zerrendan izango duten tokia izango da. Baina aukeraketa hori ez da egingo udal jabegoarenak diren 56 aparkalekuekin, 32 aparkalekurekin baizik. Arrazoia, 2005eko azaroaren 7an udalbatzak estatuari Errege Seminarioan erositako lursailen azpian lur azpiko lehen sotoan eraikiko diren garajeetatik eman behar dizkion 24 garajeen ordez, Udalak bere jabegoan dituen 56 aparkaleku irekietatik 24 emateko erreserbatzen direla. Aparkalekuen zozketaren finkatzea onartuta gelditu zen batzarrean; PSE-EEk eta EAJk kontra bozkatu zuten eta EA abstenitu egin zen. Alderdi jeltzaleak adierazi zuen ez daudela ados gauzak nola egiten ari diren eta Errege Seminarioan erositako lursailen azpian garajeak egin beharko liratekeela herrian horren behar handia dagoelako, eta, are gehiago, Domingo Irala kalea oinezkoendako ipiniko dutelako. Agurne Barruso alkateak adierazi zuen momentuz eta aurten, behintzat, ez direla lan horiek aurrera eramango, baina epe laburrean, 5-6 hilabetean, erabaki bat izango dutela. Ibargaraiko lehen sotoan geldituko diren 25 aparkalekuetarako izena emateko bigarren deialdia egingo du Udalak, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Dantza-leku mendia
Bigarren gaia Eusko Jaurlaritzak Dantza-leku mendi publikoaren
ingurumen berrezarkuntza egiteko proposamena izan zen. Dantza-leku
Elorregi auzoan dagoen 145.041 m2 hektarea dituen udal mendi-lursaila
da. Bertako pinuak atera –duela hiru urte landatutakoak– eta haien
ordez lizarra, gereziondoa eta haritza landatzea da proposamena. Horren
inbertsioa Jaurlaritzak egingo luke eta Udalak lursaila ipini. EAJko
eta EAko zinegotziek kontrako bozka eman zuten eta beste guztiek
aldekoa; beraz, onartuta gelditu zen. EAJ eta EAko zinegotziek adierazi
zuten gogorra iruditzen zaiela duela hiru urte landatutako pinuak
ateratzea eta ordezko batzuk sartzea, eta gehitu zuten Bergaran
badaudela egoera txarragoan dauden lursailak eta ea ez litzatekeen
posible izango beste horietan landatzea.
Arratsaldeko azken puntua udalerriko emergentzia plana ere onartu zen. EAJ abstenitu egin zen eta besteek alde bozkatu zuten.