Domingo Irala kaleko hainbat merkatarik idatzi bat aurkeztu dute Udalean kale horretako obrek euren negozioetan izan duten eraginaren berri emateko. Ganbara, Maya, Tantana, Baster eta Hurbil negozioek egin dute idatzi hori. Obrak iraun duten bitartean euren negozioek sarbide zuzenik ez dutela izan eta horrek salmentetan eragina izan duela diote, besteak beste. Azalpena ere eskatzen diote Udalari. Gutuna uztailaren 30ean aurkeztu zuten eta Udalaren erantzunaren zain daude. Agurne Barruso alkateak idatziaren berri badutela onartu du eta hor jasotakoa aztertzen ari direla esan du.
Maya dendako Jaione Bereziartuaren esanetan, Udalak ez ditu kontuan hartu. "Obretako materiala eta langileen komuna, adibidez, kalearen alde honetan jarri dituzte. Ez da batere erraza izan gure komertzioetara sartzea eta sarbideak, behintzat, jarri beharko zituzten", dio. Tantanako Josu Arteagak ere berdin pentsatzen du: "egia da etxeko atariak beste aldean daudela eta hura zabalik egotea ondo iruditzen zait, baina gu ahaztu gabe".
Asteburuan zabalik
Domingo Irala kaleko obrak 2006ko abenduan hasi zituzten eta asteburu honetan bukatuko dituzte. Hiri tresneria jartzea falta da orain, komunak eta landare eta zuhaitzak, adibidez.