Domingo Irala kaleko lanak geldi daude

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko mar. 2a, 12:11
Susmoa da eraikuntza enpresaren gorabehera batengatik gelditu dituztela lanak. Martitzenean bilera egingo dute udaletxean arrazoia argitzeko.

Domingo Irala kalea konpontzeko lanak geldi daude. Oraindik ez dute arrazoia argitu baina badirudi enpresaren gorabehera batengatik gelditu dituztela lanak. Argi dagoen gauza bakarra da obrak geldi daudela eta inork ez dakiela noiz jarraituko dituzten.
 
Arrazoia, argitzeke
Lasarteko Ozio Eraikuntzak enpresa ari da Domingo Irala kaleko lanak egiten. Enpresara deitu arren, enpresako arduradunek ez dute telefonoan jarri nahi izan eta inork ez duela inolako adierazpenik egingo edo arrazoirik emango esan digute. Udaletxeko iturrietara joz, Josean Etxeberria Hirigintza zinegotziak baieztatu dio GOIENKARIAri obrak geldi daudela, eta arrazoia zein den ez dakitela aurreratu du, susmo batzuk badituzten arren. "Aurretik ere gelditu zituzten lanak 10 egunez, lur azpian sartzeko elementu batzuk falta zituztelako. Bitartean, Komenio kaleko lanak egin zituzten. Gero konturatu ginen ekarrita zuten materiala, enkofratuak egiteko alanbre handi horietako batzuk, eraman egin zituztela. Kezka handitu zitzaigun. Gauzak horrela eta entzundakoen arabera, arrazoia ordainketa-etendura izan denaren susmoa dugu, baina susmoa da bakarrik, arrazoia argitzeke dago oraindik", esan du Josean Etxeberriak.

Obran lanean ari diren langileek ere ez dute hitz egin nahi izan, baina batzuk onartu dute eurek ere susmoa dutela ordainketa-etendura dela obrak gelditzeko arrazoia. Eraikuntzako lanetan erabiltzeko aparailuak alokatzen dituen enpresa batek eraman ditu dagoeneko Domingo Iralatik bere makinak.
Arrazoia argitzeko, bilera bat egingo dute martitzenean udaletxean hirigintzako arduradunek eta enpresako ordezkariek.

Orain zer?
Lanak noiz eta nork jarraituko dituen ere argitu beharko dute orain. Beste enpresa batek egin behar baditu, orain arteko lana baloratu behar dute lehendabizi. Horrek obrak atzeratzea ekarriko du, ziurrenik.

Irizar kaletik Telefonicara bitarteko zatia altxatu behar zuen Ozio enpresak; 1.4 milioi eurotan adjudikatu zioten lan hori. Aurretik, Goenkaleko eta Artekaleko urbanizazio lanak ere egin ditu, baita Komenio kaleko lur azpiko edukiontzien obrak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak