Urteroko ohiturari jarraituz, atzo goizean San Anton auzoko ermitara igo ziren herritarrak Bergarako parroko Juan Cruz Mendizabalek emandako meza entzutera. Beste urte batzuetan gertatu ohi den bezala, eliza jendez lepo bete zen eta berandu iritsi zirenek kanpotik entzun behar izan zuten elizkizuna. Jarraian, salda beroa eta txorizo muturra jan ahal izan zituzten bertan. 40 litrotik gora eta 10 kilo txorizo gertu zituzten ermitako atarian.
Arnaiz, Fuentes eta Aldekoa, krosean
Sabela bete ostean, beherantz abiatu ziren auzotarrak, krosa hastear zegoen-eta Zubi-berrin. 7,5 kilometroko luzera zuen ibilbidea egin eta gero, helmugara lehen iritsi zena Beñat Arnaiz aretxabaletarra izan zen, nagusien mailan; beteranoetan, 56 urteko Santiago Fuentes ermuarrak irabazi zuen lasterketa; eta emakumezkoetan, Itziar Aldekoak. Herri kirolak eta dantzaldiaren ondotik, etxeko txikien txanda iritsi zen. Neska-mutikoek ederto pasa zuten untxiak harrapatzen eta kaskarak jasotzen.