Gainean dago amateur mailako proba garrantzitsuenetako bat, domekan egingo duten Gorlako Igoera. Eta, ohiturak agintzen duen moduan badirudi aurten ere txirrindulariek nekez izango dutela eguraldia aldeko. Ziklistek badakite Gorla zurituta dagoela igotzea zer den; eskuak eta hankak gogortuta daudela helmugaratzea, bizikletatik jaisteko ere zailtasunak izatea. Badirudi domekan ez dituztela horren gorriak ikusiko, egunotan hustu diren lainoek tregoa emango dutela, baina horrela ere, ziklistek 90 kilometro gogor izango dituzte aurrean.
Domekan, 10:00etan hasiko da proba, Bergarako plazan. Osintxura egingo dute lehenengo (10:09), eta handik ibarrean gora, Elorregira (10:26). Handik Bergarara jaitsiko dira, Gorlako maldei lehenengoz ekiteko. 11:05 inguruan iritsiko dira Gorlako tontorrera, eta ikusi egin beharko da ordurako lasterketa apurtuta doan ala ez; normalena indarrak bigarren igoerarako gordetzea da. Gorlatik Elosura, Urretxura, Zumarragara eta Deskarga igota Antzuolara jaitsiko dira (11:56), eta ondoren etorriko da Gorlako bigarren igoera, erabakigarria. Ondo bidean, txapeldunak 12:30ak baino lehenago jasoko ditu besoak, helmugan.
Hirugarren lasterketa
Gorlako Igoera 23 urtez azpiko txapelketako hirugarren lasterketa izango da. Soraluzen hasi zuten denboraldia, otsailaren 24an, eta orduan Unai Arantzabal (Bidelan-Kirolgi) bigarren helmugaratu zen, lasterketa oso ona eginda –Andrei Amador (Lizarte) izan zen irabazlea–. Bergarakoak indartsu dagoela aldarrikatu zuen Soraluzen, eta ordainetan Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu da Aste Santuan. Bigarren proba Lauskizen egin zuten martxoaren 22an, eta han pronostikoak bete ziren: Andrey Amador da gainditu beharreko txirrindularia. Hainbat talde profesional gertutik jarraitzen dabiltza Costa Ricako lasterkariaren ibilbidea; bikain moldatu da hemengo txirrindularitzara, ea Gorlan zelan moldatzen den.