Doako TAO sistema ipiniko dute martxan erdigunean irailaren 20tik aurrera

Arritxu Barruso 2010ko uzt. 27a, 15:07
Bergarako Udalak erdiguneko zenbait gunetan TAO sisteman ipiniko du martxan irailaren 20tik aurrera. Doako TAO sistema izango da eta iraupen desberdinetako eremuak izango dira. Agurne Barruso alkateak azaldu du irailaren hasieran informazio kanpaina bat ipiniko dute martxan.
San Martin plaza, Ibargarai kaleko lurpeko aparkalekua, azoka pareko Oxirondoko aparkalekua eta erdiguneko zenbait kale (Ibargarai 2-12, Zurradero, Telesforo Aranzadi, Juan XXIII, Fraiskozuri eta Irizar pasealekua) TAO eremuak izango dira irailaren 20tik aurrera. Doako TAO sistema izango da eta honako ordutegia izango du: astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta zapatuetan 09:00etatik 13:30era.

 

Helburua da autoak erdigunean denbora luzez aparkatuta ez egotea. Dena dela, iraupen desberdinetako guneak egongo dira. San Martin plazan 30 minutuz aparkatu ahal izango da, erdiguneko kaleetan 90 minutuz eta Ibargaraiko eta azoka pareko aparkalekuetan hiru orduz. Behin denbora hori agortuta gainera, ezingo da autoa beste TAO eremu batera mugitu hurrengo hiru orduetan.

Ordenantza berria onartuta, berau martxan ipintzeko azpiegitura lanak hasiko ditu orain Udalak. Abuztuan zehar TAO eremua urdinez margotuko dute eta irailaren hasieran beharrezkoak diren makinak ipiniko dituzte, irailaren 20rako martxan egon daitezen. Agurne Barruso alkateak azaldu du, bestetik, irailean herritarrendako informazio kanpaina bat ipiniko dutela abian eta TAO eremuan eta alde zaharrean bizi diren herritarrendako txartel bereziak banatuko dituztela: "Bertakoendako txartelak bereziak izango dituzte baina, egunero txartela kendu eta ipini egin beharko dute, denbora luzez autoa gune horretan aparkatuta eduki ez dezaten".

Alkateak azaldu du zenbait azterketa egin ostean bertan behera geratu dela,  momentuz behintzat, Ibargarai kalean egin nahi zen lurpeko aparkalekuaren proiektua, Udalak dirurik ez duelako. Hori horrela, doako TAO sistemarekin Bergarako erdigunean dagoen aparkaleku arazoa hobetzea espero dute. Dena dela, argitu du behin-behinekoa izango dela, eta emaitzen arabera erabakiko dutela sistema behin betiko ezarri edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak